'The Iron Lady'
Zuzendaria: PhyllipaLloyd. Aktoreak: Meryl Streep, Jim Broadbent, Susan Brown. Herrialdea: Erresuma Batua.
Zinematik eta literaturatik 80ko urteei begiratzeko bi modu kontrajarriak.
Esate baterako: «Margaret Thatcherrek irabazi ditu Britainia Handian hauteskundeak, eta ene!, bai aise irabazi ere; sei urte joan dira Frantzian azken lepamozketa egin zutela gillotinaz, bi urte baino ez Eliseoak gillotina abolitu duenetik (la mort de la mort), nahiz eta frantziarren %62 erabaki horren kontra egon, nahiz eta frantziarren %61i gehiegizkoa iruditu Mitterrandek bere garaipena ospatzeko askatutako 5.000 presoen liberazioa, nahiz eta nahiz eta, politikariak liderrak direlako oraindik eta karismak inkestek baino gehiago ahal duelako». Harkaitz Canok Twist zoragarrian urte haiei eta jada goeneko gure mitologiaren parte diren bere munstroei hurbilketa zinezko eta lazgarri bat proposatu dio irakurleari.
Oso bestelakoa da, ordea, Phyllipa Lloydek aukeratu duen abiapuntu eta garapen tranpatia. Margaret Thatcherren gaineko film akritiko eta funtsik gabekoa egin du, historia bere modura baliatu eta bere komenientziaren arabera moldatzeko. Hau ez baita politikariaren gaineko filma. Thatcher marka huts bihurtu dute, jendea aretoetara eraman eta aktore baten luzimenduan laguntzeko.
Inor gutxik jarriko du zalantzan Meryl Streepek egin duen lan ona —hobeak egin ditu—, baina hortik aurrera nahiko alferrikakoa da The Iron Lady-ri bertuterik ñimiñorik aurkitzen saiatzea. Orainaldian hasiko da istorioa eta orainaldi horretan luzatuko da ikuslea guztiz gogaitu arte; pantailan agertzen den amonarekin enpatia bilatze aldera, pelikula erdia hari eta desagertutako senar xelebreari eskainiko die Lloydek, bere eguneko gorabeherak guztiz garrantzigabeak direnean.
Pasarte historikoak, berriz, abiada bizian igaroko dira. Historia ikasteko eskemen antzekoa da The Iron Lady: irakaslearen ustez izan diren lauzpabost gertaera nagusi hartu — meatzarien protestaldiak, Malvinetako gerra, IRAren ekintza armatuak...—, eta horiek ahalik eta modu sinplifikatuenean papereratu. Atzera-aurrerako zorabiagarrian, artxiboko irudi ugari baliatuko ditu zuzendari alferrak, bere kontakizunari sinesgarritasun ukitu bat eman nahian edo.
Zinematik bueltan, amorrua lasaitzeko, berriro ere Soto eta Zeberioren memoriaren bidean murgiltzea da sendagairik onena.
ZInema. Kritika
Historiaren lasterbideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu