Kritika. Zinema

Hogei urteko zikloa

Gontzal Agote.
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
'Cirkus Columbia'

Zuzendaria: Danis Tanovic. Aktoreak: Miki Manojlovic, Mira Furlan, Boris Ler. Herrialdea: Bosnia eta Herzegovina, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Eslovenia, Belgika, Serbia. Iraupena: 113 minutu.

Tesi eta antitesiaren arteko dialektikaz harago, modu zikliko batez errepikatzen omen da historia. Hainbat lekutan bederen. Auzoen arteko gorrotoak hogei bat urteko epea behar izaten du gerra gordinean ontzeko. Modu horretan aitona-amonek ezagutu zituzten gatazkak berpiztu zituzten gurasoek, eta horiek belaunaldi berriei pasako diete birusa.

80ko hamarkadaren amaieran gaude. Mundu osoan gertatzen ari diren aldaketa itzelak molde berezia hartuko dute Bosnian eta inguruetan. Urteetako elkarbizitza itxuraz adiskidetsua pitzatzen hasi, eta atzo lagun zena etsai bilakatu da gaur. Halaxe izan da, halaxe da eta nonbait halaxe izanen da aurrerantzean ere. Etsipen nahiko adierazgarriz, esperantza handirik gabe luzatu dio begirada Danis Tanovicek bere herrialdeko historia hurbilari.

Gatazka etniko eta erlijiosoetan murgildu nahi izan gabe, horien atzean dauden pertsona soilei erreparatu nahi izan die zuzendariak. Zeregin horretan ez du burua gehiegi estutu; pertsonaiak nahiko definituta agertuko dira lehenengo agerralditik eta haien rolak guztiz zehatzak izanen dira: militar serbiarra, alkate ohi komunista, alkate oportunista...

Argi dagoenez, pertsonaia galeria horrek 60ko eta 70eko hamarkadetako pelikula italiarrak ditu oinarri. Drama egosten ari den bitartean —ezinbestekoa baita gerraren etorrera— eguneroko kostunbristari erreparatuko dio Tanovicek: antena berria duen irrati afizionatua, edo herriko terrazan nabarmenki eseriko den etorri berria. Kusturicaren eredu hiperbolikotik aldenduz, Italiako komedia klasiko aldera jarriko du istorioa.

Hala ere, ez du guztiz errematatuko hasitakoa. Lehen partean irekitako bide asko itxi gabe utziko ditu gertaera historikoak azkartzen hasten direnean, pertsonaien garapena ahul samar utzita. Alde horretatik, nahiko jokoz kanpo gertatuko da maitasun istorio azkar eta bortxatua; Hollywoodeko ekoizpenetan bezala, hasieratik segitu beharreko bidea markatuko du zuzendariak eta hala-hola burutu arte ez du bakerik emanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.