'Argo'
Zuzendaria. Ben Affleck.Aktoreak: Ben Affleck, John Goodman, Alan Arkin, Bryan Cranston. Herrialdea: AEB.Iraupena. 120 minutu
#realfacts. Irailaren 11n AEBek Libian zuten enbaxadorea hil zuten Bengasin, miliziano talde batek enbaxadari erasotzean. Horretaz gain, beste hiru funtzionario hil zituzten. Erasoaren arrazoia AEBetako telebista batek Mahomaren inguruko pelikula bat eman izana zen, ustez iraingarria zena.
#affleckfacts: 1979. urtean Persiako xah-ek AEBetara egin zuen ihes, ustez minbiziaren kontrako tratamendu bat jasotzeko asmoarekin. Horrek Irango agintari berrien eta herritar askoren haserrea eragin zuen. Estatubatuarren konplizitatea salatzeko herrialde horretako enbaxadaren aurrean protestaldia hasi zuten. Azkenean, barnera sartu eta han zeuden guztiak hartu zituzten gatibu. Krisi hori 444 egunez luzatu zen.
Gertaera historiko hori ardatz hartuta, Ben Affleckek berriro ere erakutsi du kameraren atzealdean duen trebezia ikarragarria. The Town-en eta, bereziki, Gone Baby Gone-n egin zuen moduan, pelikula sendo eta indartsua eraiki du. Thriller politikoa da Argo, Teherango gertaeren zeharkako istorio bat —enbaxadatik ihes egin zuten sei langileek herrialdetik aterako ahaleginak— tentsioz eta erritmo egokian kontatzen dituena.
#realfacts: Gaur egun, Iran AEBen etsairik handiena da. Gaitasun nuklearraren aitzakian, edozein egunetan mehatxua bete eta herrialdeari erasotzen ahal diote. Zuzenean ez bada, Israel lagun handiaren bitartez.
#affleckfacts: Argo-ren bertute zinematografiko ugariak filmak duen aldebakarreko ikuspuntuak lausotuko ditu. Kontu bitxi eta kezkagarria, aintzat hartzen baldin badugu Ben Affleck AEBetako izpiritu kritikoaren ordezkaria dela, eta George Clooneyk ekoitzi duela filma. Argi da honako hau estatubatuarren bertsioa dela, eta haiek direla pelikula finantzatu dutenak, baina CIAren lanarekiko laudorioak gehiegizkoak dira, azken emaitza guztiz baldintzatzeraino. Beharbada, beste behin ere errealitatea eta fikzioa eskutik helduta datoz, eta CIAk segitzen du filmak finantzatzen, etorkizuneko eraso militarrak prestatu bitartean.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Hollywood, CIA eta Iran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu