Zinema
'Habemus Papam'
Zuzendaria: Nanni Moretti. Aktoreak: Michel Piccoli, Nanni Moretti, Margherita Buy, Jerzy Stuhr, Renato Scarpa, Roberto Nobile, Franco Graziosi, Massimo Dobrovic, Leonardo Della Bianca. Herrialdea: Italia. Iraupena: 104 minutu.
Aktorea da, bai, baina herri xehearekin lan egin nahi duena, Txekhoven lanak partekatzen. Ez du bere burua ikusten prestatu dioten ikuskizun horretan. Milioika ikusle ditu zain, baina izua sortuko zaio. Karguaren zama jarri nahi izan diote bizkar gainean, kontsentsuzko bidea hautatuta beste batzuek hautatu dute, eta haren zain dago mundu osoa. Kontua da aita santuak ez duela bere tronuan eseri nahi.
Il Caimano-rekin Silvio Berlusconiren gainean duen iritzia argiki agertu ostean, Italiako beste erakunde ukiezin bat jarri du ikusmiran Nanni Morettik: Eliza katolikoa. Behin horretan hasita, goraino jo du zuzendariak, Vatikanoko erraietan sartzeraino. Aita santuaren hautaketa prozesu bat aitzakia ezin egokiagoa da hierarkiaz duen pentsamoldea zorroztasunez eta gordinkeriaz azaltzeko.
Hala ere, oraingo honetan ohi baino otzanago agertu zaigu italiarra. Habemus Papam-ek oso garapen bitxia du: zinematografikoki zailena egin duenean, neurri handi batean pelikula eskuetatik ihes eginen baitio Morettiri. Lehen zati osoa artez filmatu du, Vatikanoko barrunbeak eta kardinalen eginbeharra ironia fin batez ekarri du pantailara. Sendotasunez, seriotasunez, umorez hasi da pelikula eraikitzen, eta ikuslea bereganatzea lortuko du. Tarte horretan, psikoanalisiaren sekuentzia eredugarria da.
Lan gaitz hori guztia egin ostean, aita santua jauregitik ihes egin, eta, harekin batera, istorioa eskapatu da. Hortik aurrera plano paralelotan segituko du aurrera Habemus Papam-ek, baina iheslariaren ibilerak ez du behar bezainbesteko indarrik lortuko. Neurri handi batean protagonismoa Vatikano barruan gertatzen ari denarekin partekatu behar duelako. Hasiera batean, apaizen jokabideak barregura eragin ahal badu ere, azkenerako astunegiak bihurtuko dira haien jolasak —kartak zein boleibola izan—, eta karikatura itxura gehiegizkoa hartuko du haien deskripzio arinak.
Pena da, filmaren hasierak gauza on asko iradokitzen zituelako. Amaieran gauza solte batzuk salbatu ahalko dira, Michel Piccolliren interpretazio bikaina, film atsegin eta eramangarri bat eta herritik gertu egon nahi duen Eliza baten aldarrikapen suabea. Ez da asko, Nanni Morettirengandik gehiago espero genuen, kritikarako gaitasuna aski erakutsia du, baina honetan bere zorroztasunik gabeko eztena agertu du.
Kritika
Ihes egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu