Kritika. Antzerkia

Iluntasuna nagusi

Agus Perez.
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
'Macbeth'

Konpainia: Ur.

Lekua: Gasteizko Principal antzokia.

Eguna: urriak 13

Aspaldian ez genuen Ur antzerki taldearen berri, beharbada haren zuzendari Helena Pimenta Madrildik dabilelako azken boladan Espainiako Compañia Nacional de Teatro Clasico delakoaren zuzendaritza hartu duenetik. Hala ere, Gasteizko Antzerki Jaialdian ikusi dugu Ur konpainiaren azken sorkuntza, eta, zuzendariaren betiko ideia finkoaren bidetik, Shakespeare bat izan da.

Gauza ezaguna da zuzendariaren berezitasuna dela Williamen testuak ikusmolde eszeniko garaikidean ematea, antzerkiak beste egilerik edo arorik eduki ez balu bezala, baina oraingo honetan basamortua bezain hutsik egon da agertokia emanaldi osoan zehar. Izan ere, jatorrizko testuan dauden eszena ugariak girotzeko aulki soil eta bakarra ikusi dugu, erregearen tronua irudikatzeko beste aulki moduko bat erabili da eta solasaldi batean aulki bi agertu dira. Hau luxu eta banitatea!

Kontua da, ordea, giroak irudi proiektatuekin nahi izan dituztela apaindu, eta ideia pobretu horren menpe jarri dela gainontzeko guztia. Eta berdin zaizkit proiekzioekiko mendekotasun tamalgarri horrek ekarri dizkien arazo tekniko larri eta jarraituak, azken finean irudien aldeko hautua egin dutelako antzerkiaren aldekoa egin beharrean. Zeren eta irudi proiektatuak baliatzen ditugunean kontu handiz ibili beharra dago, antzezpenen egiazkotasuna auzitan jartzen delako eta antzerkiaren benetako misterioa zapuztu ahal dugulako.

Bide horretatik, oihal zeharrargi batek hartu du agertokiko protagonismo nagusia, bertan proiektatu baitira ditxosozko irudiak eta pertsonaien itzalak, eszena asko eta asko haren atzean eta urrunean utziz. Gainera, argiztapen mortuak eta pertsonaia guztien janzkera ilun eta bertsuak izugarri zaildu du haien artean bereiztea, are gehiago kontuan izanda Verdiren operako koruek aktoreen ahotsa estaltzen zutela eta, bakarrik zegoenean, Jose Tome protagonista trantze zentzugabe batean sartzen zela, testua bere baitarako xuxurlatuz edo ahalik eta monotonoen deklamatuz, esaldiei edozein esangura kendu eta testua ulertezin bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.