'Chronicle'
Zuzendaria: Josh Trank. Aktoreak: Dane Dehaan, Alex Russell, Michael Kelly. Herrialdea. AEB. Iraupena: 83 minutu.
Ofizialki, B saila jadanik ez da existitzen. Garai bateko kontuak omen dira horiek, zine beltza eraginkor eta zientzia fikzio merkearen erresumaren garaietakoa. Gaur egun, ordea, dena da dotore, ikusgarri eta, askotan, behar baino garestiago. Pantaila handira ailegatzen dena, bederen. Dena omen da A saila, nahiz eta askotan emaitza Z-tik hurbilago egon.
Zorionez, tarteka teoria berdintzaile zakar hori ezeztatzera etortzen den sorpresa atseginaren bat ailegatzen da. Ale bakanak dira, merkatuaren diktaduraren galbahea pasatzea gero eta nekezagoa baita, ihes egitea lortu duten bitxikeriak, normalean genero fantastikokoak —Moon (Duncan Jones 2009); District 9 (Neill Blomkamp, 2009)—. Auskalo zenbat ez ote diren galdu bidean, auskalo zergatik preseski horiek ailegatu zaizkigun.
Berez Chronicle ez da pelikula independentea, atzean XX. mendeko azeri boteretsua du; estudio handi batek sustatu duen filma, hortaz. Baina txikiaren, gaztearen, hasiberriaren ausardia eta freskotasuna ditu. Gauzak diferente kontatzeko nahia. Haize freskoaren bafada bat pantaila herdoilduari.
Berri-berria ez da Josh Trankek ekarri duena. Azken finean, mitologia klasikotik datorren istorio bat da: ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka betierekoa, egoera jakin batean zein aldetara jo, nola jokatu. Mitologia zinematografiko garaikidean izen batean laburbiltzen ahal da dikotomia hori: Darth Vader, indarra bere probetxurako erabili nahi izan zuen aita erlastua.
Kontatzeko modua, ikusgarria eta diferentea; hori ere ez da erabateko nobedadea. Gaur kamerak nonahi dira, mota, tamaina eta kolore guztietakoak, horrek ahalbidetu du filmatzeko modu berritzailea: The Blair Witch Project (Daniel Myrick, Eduardo Sanchez, 1999); Redacted (Brian de Palma, 2007), REC (Jaume Ballaguero, Paco Plaza, 2007) eta Cloverfield (Matt Reeves, 2008), besteak beste. Molde hori baliatu du zuzendari gazteak, eta narratzeko moduari balio erantsia eman.
Bi film daude Chronicle-ren barruan. Lehenengoan, gazte batzuen institutuko gorabehera eta bihurrikeriak dira nagusi, jolas baten gisakoa da dena.
Bigarrenean, berriz, askoz ilunago bihurtuko da kontakizuna, superheroien azpigeneroari beste buelta bat eman eta, Alan Mooreren Watchmen-en bezala, jainkoak gizatiar bihurtuko ditu filmak, superheroi akastun, moralik gabekoak eta berekoiak.
Kritika. Zinema
Indarraren alde iluna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu