'11 Flowers'
Zuzendaria: Wang Xiaoshuai. Aktoreak: Liu Wenqing, Wang Jinchun, Yen Ni. Herrialdea: Txina. Iraupena: 120 minutu.
Bi egunetan hirugarrengoz haurren begirada Sail Ofizialeko protagonista bilakatu da. Wang Xiaoshuai beteranoak garrantzi handiko garai batera egin du; 1975. urtean Iraultza Kulturala amaitzear da eta barne gatazka odoltsuen erdian aldaketa handi baten atarian dago Txina.
Uhin hori herrialdeko bazter guztietara ailegatuko da, baita herri txikienetara ere. Horietako batean 11 urteko haur batek gertatzen ari denaren berri izanen du, ikusten dituen hainbat gauzaren bidez eta helduei entzuten dienaren bidez. Momentuan bizitzen ari denaz jabetzeko gazteegi, hainbat urte geroago ohartuko da ordukoa ez zela beste jolas bat izan.
Garai haren marrazki kostunbrista gisa hasten da 11 Flowers, egunerokoari erreparatuta, alkandora berri bati garrantzia emanez. Ezustean, film erdian elementu misteriotsu bat sartzen du zuzendariak, baina, zoritxarrez, bide hori urratzeari ekinen dio berehala, hasierako kontakizun historikoari itzuri eginez.
Horiek horrela, erdibidean gelditzen da 11 Flowers. Ohorea, haurtzarotik heldutasunerako igarotzea, aldaketa soziopolitikoa… ukitu inpresionista batez eman ditu Xiaoshuaik, iradokiz, baina arrasto sakonik utzi gabe.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Inpresionisten lanbroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu