Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Internazionalaren doinupean

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'Le Capital'

Zuzendaria: Costa-Gavras Aktoreak: Gad Elmaleh, Habriel Byrne, Natacha Regnier, Celine Sallete. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 114 minutu.

Gustura geldituko zen Costa-Gavras: golf zelai batean, pilota jaurti behar duenean, jokalaria bat-batean bihurrituko da, oinazez, barrabilei helduta. Minbizia da, eta jokalaria banketxe garrantzitsu bateko zuzendaria da. Kolpe baten antzekoa da Le Capital-en hasiera, eta hortik aurrera maila berean segituko du; atsedenik hartu gabe kapitalismo basatiaren erraiak xehatuko ditu, ikuslearen begien aurrean finantzen mundua, bere gordintasun beldurgarrian, mozorrorik gabe utzi arte.

Orain dela berrogei urte diktadura militarrak salatzen zituen modu berean, gaur egun sistema ekonomikoaren diktadura du jo-puntuan zuzendari greziarrak. Urteekin beste zinemagile asko otzantzen diren bitartean, bere lanek segitzen dute labanarik zorrotzena izaten. Barruraino sartuko du, eta han dagoena begien aurrera ekarri. Woody Guthrieren gitarra faxistak akabatzeko makina bazen, Gavrasen kamera nonahiko injustiziari aurre egiteko tresna ezinbestekoa da.

Hori guztia, zinema panfletario errazean erori gabe, oraindik ere goi mailako zinema egiten. Le Capital pelikula bizi-bizia da, goi finantzen inguruko erretratu bikain bezain beharrezkoa. Amisen Dirua-ren bertsio zinematografiko gaurkotua balitz bezala, han eta hemen gertatzen ari denaren diagnostiko ezin garaikideagoa da. Gaitza zein den zehatz agertzen da, ez da tumore bakarra: sistema osoa da tumorez josia dagoena.

Haltzak ez du bihotzik, gaztanberak hezurrik ez, diruak ez du mugarik, ezta haren atzetik doazen horiek inolako etikarik ere. Pertsonaia bat bera ere ez du salbatuko Le Capital-ek, ez da Robin Hoodik, hau ez da Hollywood, mundu erreala da. Horregatik, protagonistaren zinismoak ere ez du errugabe egiten, ez du empatiarik merezi. Arrotza da marrazoen munduan, eta horrek arriskutsuago egiten du, diru gosea eta egoa elikatzeko beharra are handiagoak baitira.

Le Capital duda-mudan galtzen ez den zinema mota baten garaipena da, edozein dokumental baino gauza gehiago argitzen dituen fikzio erreala, maisu zaharraren lezio berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.