inTACTO jaialdia
Lekua: Gasteizko hainbat leku. Egunak: ekainaren 30ean eta uztailaren 1, 2 eta 3an.
Aurreko egunean intimitate publikoaren edo kanpoko barnekotasunaren kontzeptua plazaratzen zuen Olariagaren Zakilixutek bere betiko fintasun ironikoarekin, jendaurrean eta arinkeriaz egiten diren zenbait jardun pribaturen kontura. Gasteizen egunotan eta apaltasun handiz jaio berri den inTACTO festibala ere horretan dabil, baina kasu honetan, barne-eremuari dagozkion sentimenduak arinkeriarik gabe ikertuz eta publikoarekin konpartituz.
Jardunaldien harira antolatu den hitzaldiak eta tailerrak ere izenburu esanguratsuak eduki dituzte –Jarduera pribatuak gune publikoetan eta Identitatea eta memoria izan dira hizpideak– eta Europako hiruzpalau herritatik etorri diren artistek hainbat ikuspegitatik aztertu dituzte gaiok. Jimmy Jazz aretoan, Action Hero konpainia britainiarrak AEBetako ikonoak eta masa-sentimendu errazak parodiatu eta arrisku probek beraiekin dakartzaten matxismo erakustaldiak barregarri utzi zituen Watch me Fall izeneko performance ikusgarrian.
Beste hiru taldeak nora eta Principal antzokira etorri dira, haren eite klasikoegiari haize bolada freskoa ekarriz. Alde horretatik esan beharra dago, hasierako aurreikuspen batzuen kontra, ikusle kopuru txukuna izan duela jaialdiak eta, gainera, nabarmena zela haiengan horrelako ekitaldien beharrizana.
Sevillako (Espainia) Guillermo Weickert konpainia performance-tik baino antzerkitik hurbilago ibili da, bere Días-Pasan-Cosas lanarekin. Hala ere, gizakiaren interesekoak diren intimitate-kontuak azaleratu ditu –harreman pertsonal eta sexualak, janariarekin dugun lotura, norberaren fobiak eta umetako gogorapenak…– antzerkia, dantza eta filosofia bikain uztartuta. Baina, dudarik gabe, saiorik sakonena Sana Mitrovic serbiarrak eman zuen bere gaztetasun itzelean. A Short History of Crying pieza negarrari buruzko ikerketa eszenikoa da, eta Sanak erabateko maisutasuna erakutsi zuen Titoren hiletan hasi eta politikari yankien negar-anpulu merkeetan amaitzen zen bidaian.
Beharbada Erresuma Batuko Search Party konpainiarena –Growing Old with You– izan da lanik zapalena, nahiz eta, berez, ideia interesgarria izan zitekeen, hamar urtean behin errepikatzeko asmoa dutelako, partaide bien zaharkitze geldoa agerian uzteko asmoz. Horrenbestez, ongi etorria izan dadila jaialdi sortu berria, geure kanpoko barnekotasunaren izenean!
Kritika. Antzerkia
Intimitatea agerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu