'Monsieur Lazhar'
Zuzendaria: Philippe Falardeau. Aktoreak: Mohamed Fellag, Sophie Nelisse, Emilien Neron, Marie-Eve Beauregard. Herrialdea: Kanada. Urtea: 2011. Iraupena: 94 minutu.
Arrisku handia hartu du Philippe Falardeauk izen bereko antzezlanaren bertsio zinematografikoa egitean. Immigrazioa eta hezkuntza pelikula berean uztartzea ez da nolanahiko erronka, sentiberatasun jakin baten errazkerietatik urrun mantendu nahi duenarentzat bederen. Apustua egin eta ongi samar atera da. Filmak aurreiritzi gehienak uxatuko ditu, baina beste hainbat zalantza sortuko.
Ezin bestela izan. Film bitxia da Monsieur Lazhar, ezohikoa gaur egungo zinemagintzan. Gai batetik bestera salto eginen du istorioak, asko jarriko ditu begi aurrean. Sakontasun falta leporatzen ahal zaio, baina ez litzateke guztiz zuzena izanen, pelikulak inoiz ez baitu sakon izateko asmo garbirik agertuko. Kontrakoa, arintasun harrigarri batekin mugituko da, minez beteriko guda-eremu baten erdian.
Onbera da Lazhar potagonistari egiten dion begirada. Asko sufritu du gizonak; hortaz, onargarriak dira haren gezur eta trikimailu ia guztiak. Galdu samar dago sobera ongi ulertzen ez duen gizarte baten erdian, eta pertsonaiak hainbat topiko deuseztatzeko balio ahal du. Etorkinaren gaineko ohiko ikuspuntuaren ifrentzua erakusten digu. Ez da errukiz beteriko begirada hemen, irautearen eta deslokalizazioaren egunerokoa.
Haren aurrean, kolpe gogor bat jaso duen haur taldea. MonsieurLazhar-en arabera, Montrealgo haurrek naturalago hartzen dute kulturen arteko nahasketa, klasean dute egunero. Egungo irakaskuntza sistemaren gaineko ideia eta galdera batzuk plazaratzeko baliatu ditu zuzendariak, baina berriro ere horien erantzuna airean utziko du. Ez da urrun Entre les murs-en giroa (Laurent Cantet, 2008), baina hemen asmoa diferentea da. Beharbada, hezkuntzaren eta irakaskuntzaren artean dagoen alde esanguratsua da planteatzen duen aferarik interesgarriena.
Hariak zabalduko ditu beste bide askotan; gauzatuko ez den maitasun harremana edo herritartasuna lortzeko korapiloak, esaterako. Dena modu minimalista baten emana, azkenenean gai potolo batzuk anekdota bihurtzeraino. Jatorra da Lazhar, jatorregia batzuetan, eta filma ere horrekin kutsatuko du. Arriskuak saiheste aldera kontu korapilatsuetan ez sartzea ez ohi da irtenbide ona.
Zinema. Estreinaldiak. Kritika. Zinema
Irakasle arrotza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu