Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Irribarrerik galdu ez duen aberria

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
'Et maintenant on va où?'

Zuzendaria: Nadine Labaki. Gidoia: Nadine Labaki, Jihad Hojeily, Rodney Al Haddad. Aktoreak: Calude Baz Moussawbaa, Layla Hakim,Nadine Labaki. Herrialdea: Frantzia, Libano, Italia, Egipto.Iraupena: 110 minutu.

Nadine Labakiren Caramel (2007) filmak ikusleen eta gazteriaren saria eskuratu zituen Donostiako 55. Zinemaldian. Ikusleen barre algara ugari sortzea lortu zuen, eta jendeak gogotsu txalo egin zuen. Niri ez zitzaidan batere gustatu; agian ez ninduten festara gonbidatu. Libanoko produkziorik miretsiena bilakatu zen nazioartean, eta, horregatik, formula bera errepikatzen saiatuko zelauste nuen.

Hasiera batean gidoia espero bezala garatuz joan da, baina denbora aurrera joan ahala eszeptizismoa desagertu egin da. Libanoko herrixka bateko emakumeen istorioa du hizpide, eta komedia eta tragedia primeran uztartzea lortu du. Pertsonaiekin batera barre eta negar egin dezake publikoak. Emakume horien ausardia, adorea eta borondatea goraipatu nahi ditu zuzendariak. Kristau eta musulmanen arteko gatazkak hildako gehiegi utzi dituen herrialdean zauriak ixtea ezinezkoa dela dirudi. Emakumeak negar egiteaz nazkatuta daude aspaldidanik, eta, horregatik, era guztietako trikimailuak asmatu behar izaten dituzte bakea mantendu ahal izateko. Emakumeak dira, eta horrek batzen ditu. Euren nahia senarrak adiskidetzea da, besterik ez. Ez dute gehiago dolua soinean eraman nahi.

Labakiren ustez, tentsio egoera baten aurrean itxaropena ezinbestekoa da, eta barrea beharrezkoa da. Horixe da bizitzari aurre egiteko beharrezko ikusten duen arma bakarra. Denboraren poderioz bizilagunen arteko tentsioa areagotzen joango da, eta muturreko neurriak hartzera kondenatuta ikusiko dute beren burua. Ezbeharren eta zoritxarraren aurrean sekulako kemena demostratuko dute herritarrek, baina argi dago emakumeen protagonismoa ukaezina dela. Ekialde Hurbiletik albiste txarrak etortzen zaizkigu maiz, eta Labakiren helburua bertako jendearen duintasuna eta adorea erakustea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.