'The Imposter'
Zuzendaria: Bart Layton.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Iraupena: 95 minutu.
Desirak itsutu egiten du gizabanakoa. Ez du axola frogek bestelakorik esaten badute. Norberaren desioek ezin imajina daitekeen moduan desitxura dezakete errealitatea. Lynchen unibertsoetan ageri diren pertsonaietako bat bihur zaitezke sentimenduei itsu-itsuan jarraituz gero. Burmuinaren errepide malkartsuetan erraz gal daiteke desirak gidatutako autoa. Ziur asko, amildegiren batean amaituko du; muga batzuk ez baitira inoiz igaro behar. Dirudienez, desira errealitatearen akabera izan daiteke. Hori da The Imposter harrigarria ikusi eta gero atera daitekeen ondorioa. Bart Laytonek benetan gertatutako istorio baten berri ematen digu dokumental ikaragarri honen bitartez. Ez sinesteko modukoa da. Harri eta zur geratzen da bat originaltasunik falta ez zaion lan hau ikusita. Zer pentsatua ematen du behintzat. Egia esan, zaila da gauzak argi edukitzea egilearen helburua ezinegona eta nahasmena sortzea denean. Istorioaren berezitasuna kontuan hartuta, narrazioak bete-betean harrapatzen du publikoa. Harrapatzea gutxi esatea litzateke, asaldatzea lortzen baitu. Gidoi bikain baten jabe denak ez du beste ezeren beharrik. Hasiera batean telebistako erreportaje sentsazionalista baten aurrean gaudela dirudien arren, berehala hasiko da istorio harrigarria. Hiru urte luzez desagertuta egon ostean, Texasko Gibson familiak Nicholas gaztearen berri jasoko du. 14 urte inguru zituen desagertu zenean, eta jada hura bizirik aurkitzeko esperantzak urriak ziren. Militarrek bahitua eta torturatua izan da denbora tarte horretan, eta etxera itzultzean beste pertsona bat dirudi. Hasieratik daki ikusleak hori ez dela Nicholas, iruzurti bat baizik.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak
Iruzurtia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu