Kritika. Zinema. 73. Musika Hamabostaldia

Jainkotxoaren oreka

Gontzal Agote.
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
'Prometheus'

Zuzendaria: Ridley Scott. Aktoreak: Noomi Rapace, Michael Fassbender, Charlize Theron. Herrialdea: AEB.

Iraupena: 124 minutu.

Ez da batere originala paralelismoa, jainkoen eta zinema zuzendarien artekoa. Unibertso bat sortu, nahierara garatu, zabaldu, luzatu, osagai berriak erantsi... Jainkoa izatera jolasten da maiz zinemagilea. Hala ere, bada bien artean desberdintasun funtsezko bat: zinema zuzendariak ez du desagerrarazi ahal sortu duen mundua. Jainkoek, ordea, bai, eta den-dena ezabatu. Prometheus kategoria diferente horien adibide ezin hobea da.

Onerako zein txarrerako, sir Ridley Scott betirako Alien eta Blade Runner-en egilea izanen da. Bi filmon itzal luzea ezin izanen du sekula gainetik kendu. Urtetan ibili da irudi horietatik eskapoan, baina jainko txikiak ezin izan du bere unibertsoa deuseztatu. Behin eta berriz, gainera etorri zaio.

Azkenean, iraganari aurrez aurre begiratu behar izan dio Scottek, beste erremediorik ez, Alien-era itzuli da. Kostata, hirurogeitan elkartzen diren rock dinosauro horien moduan, iraganeko mamuetan murgildu da berriro ere. Zorionez, pertsona azkarra da Scott, eta jakin badaki gauzak asko aldatu direla, ezin duela Alien berri bat sortu.

Bere pelikula ospetsua hasi zen lekutik atzera egin eta jatorrira jo du. Hortik abiatuta, oreka zaila mantendu behar du Prometheus-ek. Batetik, Alien-ekiko loturak ezin ditu guztiz ezabatu. Alde horretatik, zaleen gozagarri, erreferentziaz josia dago Prometheus, betiere modu sotilean emanak.

Bestetik, zientzia fikziozko pelikula guztiz independente bat egin nahi izan du, Stanley Kubricken antzera galdera potoloak irudien bitartez emateko. Prometheus horretan saiatuko da, traszendentala izaten, baina ez du inoiz alboratuko zortzigarren bidaiariaren hats itsaskorra.

Oreka ezinezko horrek dezente trabatuko du Prometheus; bi bide diferente zituen aurrean eta bietan sartzea erabakiko du, batean zein bestean sakondu gabe. Horregatik, zirriborro itxura hartuko du filmak, teknikoki ongi garatuta bai, baina hutsune narratibo nabarmenekin: hasiera sobera azkarra eta azalekoa, pertsonaiak ez daude behar bezala garatuta, egoera batzuk testuingurutik kanpo daude...

Ekilibrista baten antzera ibiliko da Scott, eta dituen esperientzia eta trebeziari esker ez da guztiz amilduko. Denak kontent uzten saiatu eta telebistarako egindako probako atal dotore baten itxura hartuko du Prometheus espazio ontziaren lehen abenturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.