Kritika. Musika

Jaunak esana

Arkaitz Mendoza.
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
'Pasioa San Joanen arabera'

Zuzendaria: Christoph Pregardien. Abesbatza: Nederlands Kamerkoor. Orkestra: Le Concert Lorrain. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 1.

Jaunak esana: eskerrak zuri, Jauna. Eskerrak zuri, Stoklossa. Ebanjelariaren rola landu zuen Eric Stoklossa tenorra guztiz esanguratsu aritu zen Pasioaren kontaketan. Obra pisutsuaren erritmoari une oro mantendu zion, Bachek proposatutako errezitatibo guztien esanahia narratzaile jakitun baten ahotan ipiniz. Pragardien zuzendaria inguratzen zuten bakarlari zein musikari guztien gainetik nabarmendu zen ebanjelaria, bai kantatzeko eran, bai adierazkortasunean. Aldamenean, Felix Speer baxuaren Jesus motel sentitu zen ahotsa mugitzeko garaian, esaldi motzetan izugarri ondo baina luzeetan astunegi.

Pragardienek erabaki harrigarria hartu zuen Pasioaren kontaketarakokontrabaxua eta biolontxeloa organoaren inguruan elkartuz. Haietako bat soberan sentitzen zen; ene ustez, kontrabaxua. Stoklossaren ahots arin eta hedagarria, sostengu gisa zituen instrumentuen zama jasatean, ez zen hegalari bihurtu. Lautea ere hor genuen, esaldi amaieretan arpegio txikiak oparituz, apaindura ederra batzuetan, pinpirina besteetan. Rubens andereak abestutako ariak berriztapen liluragarriak izan ziren, obraren mintzaldian argiztapen berezi bilakatuz. Aldiz, Andreas Schollen partaidetza xume sentitu zen, polit, egoki, baina intentsitaterik gabe. Kontratenorrak koloreztatu zituen bi ariak erdibidean geratu ziren, apalegi.

Pasioa San Joanen arabera obran abesbatzak herriaren garrasia jakinarazteko betebeharra du. Baxuak tinko, tenorrak goi ataletan suhar, kontraltoak desagertuta eta sopranoak motz. Emakumeen atala, gizonezkoenarekin alderatuta, ez zen guztiz oreka apartean iltzatu, kantitatean bizpahiru sopranoren falta, eta interpretazioan lotsatiegi. Henschel baxuaren Pilatos hunkigarri aritu zen hitz-jarioan, eta Weller tenorraren ariak, interesgarri ahots kolorean. Pasio honetan ebanjelariaren esana Jaunaren mezu fidagarri izan zen, beraz: Jaunak esana; eskerrak zuri, Stoklossa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.