'The Deep Blue Sea'
Zuzendaria eta gidoilaria: Terence Davies. Aktoreak: Rachel Weisz, Tom Hiddleston, Simon Russell Beale. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 98 minutu.
Zinemaldiko arduradunek (agian) jakin gabe oso paradoxa polita oparitu digute ikusleoi. Ordu gutxitan gai bertsua —hutsune afektibo-existentziala bete nahi duten emakumeak— duten bi lan eskaini dizkigute, ia elkarren segidan. Guztiz molde desberdinean emanak: Sarah Polleyren Take This Waltz-en begirada indie eztitsua eta Terence Daviesen The Deep Blue Sea-ren klasikotasunaren lilura.
40 eta 50eko hamarkadetako Hollywoodeko melodrama onenen lurrina dario Daviesen pelikulari; argiztapena, eszenaratzea, elkarrizketak, plastikotasuna eta aktoreen lana beste garai batekoak dira.
Zuzendariaren lan aparta presente dago pelikularen fotograma guztietan: kamara mugimendu dotoreak direla, musikaren erabilera bikaina dela, edo gidoi trinkoan denborak egiten duen etengabeko atzera-aurrera dela.
Horrekin guztiarekin, modernotasun handiko harribitxia ondu du Daviesek. Estilistikoki zein narratiboki detaile guzti-guztiak zaintzen ditu film bikain honek, iraungitze datarik ez duten maisuen irakaspen zaharrak baliatzen eta gaurkotzen dituena.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Klasiko modernoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu