'Super 8'
Zuzendaria eta gidoilaria: J.J. Abrams. Aktoreak: Joel Courtney, Riley Griffiths, Elle Fanning, Gabriel Basso, Ryan Lee. Herrialdea: AEB. Iraupena: 112 minutu.
Michael J. Foxek gidatzen zuen Delorean hartu, eta denbora-bidaia baterako gonbit ezin tentagarriagoa da Super 8. Zinemarekin 80ko hamarkadan gozatzen hasi ginenok, inozentzia aro horretara itzultzeko aukera paregabea dugu J.J. Abramsen filmaren bitartez. Eta behin nostalgian murgildurik, geure buruari galdetzen hasiko gara noiz hasten den zinema mota bat «klasiko» izaten: denbora jakin bat pasatzen denean, ala garai bateko protagonistek —egileek zein ikusleek— hala erabakitzen dutenean?
Super 8-k ez du inor engainatu nahi izan. Estreinaldiaren aurretik argi utzi dute zer den, marketin kanpaina ikaragarri baten bitartez—horretan maisua da Steven Spielberg, ziurrenik Santiago Segurarekin batera, bere merkantzia hobekien saltzen dakien zinemagilea—. Amblinen ekoizpen ia guztien max-mix dotore bat da, eta barnean dituen erreferentziak kontaezinak dira, baina gehienbat bi nabarmenduko dira istorioan zehar: Amazing Stories telesaila eta The Goonies pelikula (Chris Colombus, 1985).
Hasierako planoa eredugarria da, kartel soil baten bitartez istorioa martxan jartzeko izugarrizko trebezia erakutsiko dute zuzendariak edota ekoizleak, gaur egun egiten diren kalakaz beteriko film gehienentzako lezioa. Hortik aurrera, agindutako ia guztia betetzen du Super 8-k, Spielbergen ondare zinematografiko eta sozialaren bilduma: helduen mundutik at bizi den gazte kuadrilla, bizikletak, familia desegituratuak, bigarren mailako pertsonaien dosifikazioa... Hori guztia, zinemaren arimari egiten zaion maitasun aldarrikapen baten bitartez.
Bi film diferente
Teoria argi dago, baita eredua ere. Dena den, oso bi pelikula diferente ikusten ahal dira Super 8-ren barruan. Batak, lehen parte osoa hartzen du; gauzak kontatzeko patxada bat da hor, garai bateko erritmoa antzematen da. Horren adibiderik garbiena da filmak duen momenturik onenetakoa, tabernako mahai inguruko solasaldia.
Azken parteak, ordea, bestelako abiadura hartzen du, askoz garaikideagoa. Nonbait, hari mutur gehiegi zituela jabetu zen Abrams, eta horiek arrapaladan itxi nahi izan ditu. Pertsonaiak agertu eta desagertu, eta akzioa gehiegi korapilatu du, zenbait kontu guztiz sinestezin bihurtzeraino. Close Encounters of the Third Kind-i egindako keinuak ez du konpontzen Cloverfield-en itxura gehiegizkoa hartzen duen amaiera.
Omenaldi sentitua da Super 8, eta disfrutatu dugu eskaintzen duen atzera begiratuarekin. Argi dago, hala ere, ikasleak maisuarengandik zer ikasi dezente duela oraindik.
Kritika. Zinema
Klasikoa versus garaikidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu