'Adikos kosmos'
Zuzendaria: Filippos Tsitos. Aktoreak: Antonis Kafetzopoulos, Theodora Tzimou, Christos Stergioglou. Herrialdea: Grezia-Alemania. Iraupena: 118 minutu.
Thriller izatera jolas egin duten pare bat film ikusi ditugu aurtengo Sail Ofizialean; horrelakorik agindu eta azkenean beste bide batetik atera direnak. Adikos kosmos-ekin ez da halakorik gertatuko. Hilketa bat badago, diru kopuru handi bat mugituko da eskutik eskura, norbaitek informazio bat jarriko du salgai, Poliziak ikerketa bat abiatuko du… osagai guztiak izanda ere, justu kontrakoa da, zerbait izatekotan anti-thriller bat da, anti-heroi batzuekin eta anti-suspentse batekin.
Hain zuzen, planteamendu horretan dago pelikula greziarraren alderik originalena eta interesgarriena. Kaurismakiren eskolako minimalismoz dago kontatua film greziarra, oso hitz gutxirekin, ironia fin batekin, samintasun tanta batzuez zipriztinduta.
Pentsatzen ahal zenaren kontrara, ustekabeko hilketa ez da bihurtuko istorioaren ardatz, are gehiago, berehala bigarren maila batean geldituko da, norbaiti inporta al zaio halakorik? Baina dirua, diruarena bestelako kontua da, eta arreta handiz segitu behar da arrastoa. Odola baztertuta, billeteen kiratsarena da segitu beharreko arrastoa.
Horren bizimodu triste eta grisa duten pelikulako pertsonaia guztiak sartuko dira joko horretan. Bakoitzak motibazioa propioarekin, baina denak mugituko dira kartazalaren erritmora, baita ikuslea ere. Sotiris, hatza ia nahigabean mugitu duen polizia justiziagilea ez da salbuespena, eta diruaren balioa zenbatekoa den jakin nahiko du. Berak horrenbeste aldarrikatzen duen bestearekiko konfiantza baino baliotsuagoa den jakin nahi du. Azkenean, onartu egin beharko du horrek ere prezio bat duela.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Konfiantzaren prezioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu