Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Andrey Boreyko. Pianista: Alice Sara Ott. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna:urriak 13
Rautavaara, Ravel, Haydn eta Bartok. Lau konpositore horietatik badago bat lekuz kanpo. Asma ezazue… Noski, Haydnek ez du zentzu askorik beste hiru musikagileek eratzen duten egitarauarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zentzu barik hasi du aurtengo denboraldia, egitarau luze eta nahaspilatsu batekin. Askotan kantitateak ez du kalitatea ondorioztatzen, eta Haydnen 67. Sinfonia-k, nahiz eta interes berezikoa izan, beste hiru obrekin ez zuen lotura berezirik izan ez estiloan, ez egituran, ez entzulearen musika bidaian, nahiz eta era dibertigarrian interpretatu, umorea mantenduz.
Musika finlandiarraren exotismoaz gozatzeko aukera paregabea izan zen Boreykok zuzendutako Rautavaararen Txorientzako Kontzertua. Megafoniatik txorien txio-txioak zilegi entzungarri izan ziren, haien gainetik haize instrumentuen parrastada gozoa irauliz. Jarraian, Sara Ott piano jotzaile gaztea aurkeztu zen, Ravelen Sol Maiorreko Pianorako Kontzertua-rekin, eta aurreko interpretazioan sortutako haize bolada xuxurlaria fidagarritasun osoz mantendu egin zen. Jotze era arina, pisurik gabea, inpresionismo garaiko musikak iradokitzen duen geruza koloretsuari indar emanez. Nahiz eta klarinete eta tronpako soloak gogor eta garratz entzun, tronpeta bakarlariak bikaintasunez loreztatu zituen goiko nota arriskutsuak.
Adagio assai-ren sarreran Ott piano jotzaileak ez zuen solo distiragarria soinu sakon eta kutsuz behar bezala biribildu, apal eta hotzegi sentitu baitzen teklatuan barreiatutako bi eskuen arteko oreka. Bis modura eskainitako Beethovenen Fur Elise obratxoa iraingarri eta lotsagarri izan zen entzulearentzat, hain maila baxuko obra apal hori gustu txarreko burla izan zelako. Jokabide hauek ez diote kulturari mesederik egiten, nahiz eta obra sinple horiek maila ikaragarrian interpretatu —kasu honetan akatsen bat entzun genuen—: ez dute inoiz kontzertu handi hauetan lekurik izan behar. Eskerrak Bartoken op.19 obra zorioneko interpretazioaz zipriztindu zen, orkestra handiak intentzio, arima eta sekulako adorez astindu baitzituen pentagrama erritmiko guztiak.
Kritika. Musika
Lautik hiru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu