Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Lehen xake partida

Arkaitz Mendoza.
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Budapest Festival Orchestra

Zuzendaria: Ivan Fisher. Biolin jotzailea: Nikolai Znaider. Egitaraua: J. Brahmsen 7. eta 10. 'Hungariako dantzak', 'Biolinerako kontzertua' eta A. Dvoraken '8. sinfonia'. Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abuztuak 30.

Bobby Fischer XX. mendeko xake jokalaririk handienetakoa izan da. Amerikarraren partidak taktika iturri jakintsutik abiatzen ziren, aurkariak ziztu bizian suntsitu arte. Ivan Fischer ez da Bobbyren senide, baina xake partida interesgarria planteatu zuen mahai jokoan. Hungariako hiriburuko orkestra handiak sekulako ezagutza eskaini zigun kontzertu osoan; xake partidako lehen pausoetan zalantza gehiago agertu zituen, kokatze prozesuan ibili izan balitz bezala, baina amaierako, Dvoraken eztandarekin, partidako pieza oro eraso bortitzean barreiatu zuen Fischerrek.

Brahmsen hasierako Hungariako dantzak xakeko piezak mahaian ipintzeko erabili ziren. Dantza alai eta jostagarri horiek kentzeko erabakia hartu izan balute, partida era berean hasiko zen; ez zen ezinbestekotzat sentitu. Orkestra aurkezteko egoki, baina xake partidako taktikarako ustel. Peoiak martxan, hara hor flauta eta klarinetea, biolinen alfilak, melodia luzeak erabiliz, mugimendu diagonalen autoestrata bizietan eroso sentitu ziren, Fischer askatasun zintzoa eskaintzekotan baitzebilen.

Nikolai Znaiderren harrerak mahai jokoaren erdiko aldea nahaspilatu zuen, fitxa gehiegi, Brahmsen argitasuna ilun, arku eratzean garratz azalduz. Zorigaitzeko jokaldi batean lehen txataleko kadentzia zikindu egin zuen daniarrak, partida airean, gazteluak sendo tronpen rolean, baina Fischerrek erasorako giltza ezkutuan mantentzen jarraitu zuen.

Sinfonia iritsi, eta Fischerrek piezak dantzan ipini zituen; erregina solte, zaldiak saltoka peoien gainetik, eta melodien arima guztiz maitekor hedatu zen. Dvorak txekiarraren musikak guztiz apurtu zuen partida, nahastea laster hutsaldu eta aurkariaren erregea begi bistan utzita. Allegretto graziosoan ideiatutako jokaldia paregabea izan zen amaierako askatzeari ekiteko: bigarren biolinek biolontxeloei bidea guztiz urratu ondoren, haiek boteretsu sustatu zuten partidaren garaipena. Xake jokaldi miragarria, Fischer maisuak osatzen zituen horietakoa; dena dela, mendekua bigarren partida batean eratu daiteke… Bihar arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.