'Take This Waltz'
Zuzendaria: Sarah Polley. Aktoreak: Michelle Williams, Seth Rogen, Luke Kirby, Sarah Silverman, Jennifer Podemski. Herrialdea: AEB. Iraupena: 116 minutu.
Iluna da, musika dago eta azkar doanez, ez dago astirik txorakerietan ibiltzeko». Horrelakoa da Michelle Williams bikain batek bizitzaz duen pertzepzioa. Etengabeko jirabira, dela baltsaren erritmo pausatuan, dela parkeko atrakzio zorabiagarri batean.
Madame Bovaryren nolabaiteko moldaketa libre eta garaikidea —Micah P. Hinson jauna da orain modernotasuna— egin du Sarah Polley aktoreak bere lan berrian. Kasu honetan, baina, itxuraz amesten ahal zuen guztia du protagonistak, hain maitagarria (sobera, akaso) du bikotekidea. Zerbait agertuko da, eta bide hori segituko du, jakinik amildegira hurbiltzen ari dela. Dena nahi, eta hondarrean dena galdu. Ezin hutsune guztiak estali.
Komedia erromantikoa (Seth Rogenekin) eta gogoeta existentziala (Luke Kirbyrekin) uztartu ditu zuzendariak, eta azken emaitza harremanen modukoa da, gorabeheratsua. Osagai nagusiak ongi marraztu ditu Polleyk, baina azkenean dena lotuta uzteko beharra sentitu du, hainbat alderdi azpimarratzeraino. Berritzailea izan gabe, bikote harremanen gainean begirada interesgarria da.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala
'Lost in translation'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu