'Luisa Miller'
Egilea: Giuseppe Verdi.
Bakarlariak: Fiorenza Cedolins (sopranoa), Fabio Sartori (tenorra), Juan Jesus Rodriguez (baritonoa), Giovanna Lanza (mezzosopranoa), Riccardo Zanellato (baritonoa), Felipe Bou (baxua).
Musika zuzendaria: Riccardo Frizza.
Eszena zuzendaria: Denis Krief.
Lekua: Euskalduna jauregia.
Egilea: urtarrilak 21.
Bikoteek hasierako eszenetan izan zuten jarrera zalantzakorra ikusi ondoren, ez genuen uste emanaldiakjarraian izan zuen bikaintasuna izango zuenik. Baina hala izan zen. Giuseppe Verdiren obretan zubi-lana egiten duen emakume zapalduaren istorioa goi mailara jaso zuten azkenean. Eta horren adibide aitzindaria Szeged-eko orkestrak eman zuen oberturan Riccardo Frizza maisuaren eskuetan izan zen. Geroago, haiekbikain azaleratu baitzituzten Donizzeti eta Belliniren bel cantoa-ren eraginak hirugarren ekitaldian, Verdik asmatu zuen etengabeko diskurtso dramatikoarekin. Denis Krief eszena zuzendariaren lana, berriz, pixka bat motel geratu zen: izan ere, ikuspuntu minimalaren bitartez, antzokia antzokiaren barruan adierazi nahi zuen Schillerren tragedia erromantikoa antzezteko, eta diskurtso musikalaren sorbaldetara bota baliabide eskasak zituzten eszenak. Eta beharbada baliabide horiek errepikakorrak suertatu ziren operaren emanaldia aurrera zihoala, nahiz eta kubista itxura zuten panel ederrak eta argiztatze lanak primerakoak izan.
Bakarlari abeslariak eta Bilboko Operaren abesbatza —gizonezkoak zein emakumezkoak— oso ondo aritu ziren, arestian aipatu salbuespenak kenduta. Cedolins soprano lirikoak ondo gorpuztu zuen emakume kaltetuaren tragedia ziurtasunez eta teknikaz: coloraturak, filadoak, trinoak… daukan beheranzko vibratoak ez zion kalterik egin bere abestaldi dramatikoari. Fabio Sartori tenorraren debuta guztiz estimatua izan zen, eta berak eraman zuen gaueko txalokadarik handiena, Quando le sere al placido arian. Asko gustatu zitzaigun Juan Jesus Rodriguez baritonoaren kantu lerro sendoa eta tesitura guztietako tinbre polita. Giovanna Lanza mezzosopranoak ahots ederra eta eskarmentua erakutsi zituen. Riccardo Zanellato eta Felipe Bou baxuekzuzen atera zituzten beren konpromisoak.
Kritika. Opera
'Luisa' handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu