Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. Astea

'Man down'

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
'The Theatre Bizarre'

Zuzendariak: Jeremy Kasten, Richard Stanley, Buddy Giovinazzo, Tom Savini, Douglas Buck, Karim Hussain, David Gregory.

Herrialdeak: AEB, Frantzia eta Kanada.

Iraupena: 114 minutu.

Sei zinemagileri aurrekontu berbera eman zitzaien bakoitzak istorio bat zuzendu zezan, eta proposamen horren emaitza da The Theatre Bizarre. Egileen artean izen ezagunak daude, Tom Savini efektu berezietako maisu eta Romeroren film ospetsuenetako aurpegi ezaguna, esaterako. George Romero zonbi modernoaren aita kontsideratzen da Night of the Living Dead (1968) klasikoa filmatu zuenetik, baina amerikarra berehala konturatu zen entretenitzeaz gain gizartearen kritika egiteko sekulako aukera eskaintzen zuela zonbiaren figurak. Horregatik, Dawn of the Dead (1978) lanean zonbiak merkataritza zentro batera eraman zituen; izaki beldurgarri eta inozo horiek ez dute inoiz bakerik topatuko, noraezean baitabiltza behin betiko aseko dituen —eta existitzen ez den— produktu magiko horren bila. Savinik Wet Dreams film laburrean maisuaren irakaspenak bere egin nahi izan ditu, eta emakumeen aurkako indarkeria salatzea egoki iruditu zaio. I Love You filmaren egileak gai bera jorratu du. Argi dago beldurrezko filmek indarkeria eta sexua baino zerbait gehiago eskain dezaketela. Tortura psikologikoa tratu txarrak baino beldurgarriagoa izan baitaiteke. Ezezaguna denak ezinegona sentiarazten digu, baina egunerokotasuneko ekintza eta errito arruntak izaten dira ikara handiena eragiten dutenak. Soinuak sortutako atmosfera ilun eta itogarriari esker egunerokotasuna amesgaizto bilaka daitekeela ohartarazi nahi digute pelikulek etengabe. Maitasunaren kontzeptu erromantikoak emakumearen zapalkuntza bermatzen du, eta egoeraren erruduna emakumea bera dela sinetsarazi nahi da. Bere bikotekidearekin zoriontsu ez den emakumeak arazo larria dauka, emazte eta ama izatearekin konformatu behar baitu. Duela gutxira arte emakumeek euren desioari uko egin behar izan diote senarrari eta haurrei zerbitzatzearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.