'Los Marziano'
Zuzendaria: Ana Katz. Aktoreak: Guillermo Francella, Arturo Puig, Rita Cortese, Mercedes Moran, Abian Vainstein. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 89 minutu.
Modu paralelo batez egoera surrealista samarretatik abiatzen da Los Marziano pelikula argentinarra. Batetik, urbanizazio pribatu luxuzkoan norbaitek egiten dituen zulo misteriotsuak daude. Horien helburua ez dago batere argi, baina ekintzak bertako dirudunen artean ezinegona zabaltzea lortu du. Bestetik, Juan gaixotasun bitxi bat hasiko da pairatzen; ikusmena galdu ez, baina irakurtzeko gai ez da izanen, eta medikuarengana jo beharko du.
Abiapuntu hori Marziano senitartekoen arteko harreman berezia aurkezteko baliatuko du Ana Katzek. Muturreko ereduak dira Luis eta Juan, eta haien arteko amildegia ezin handiagoa da. Gizartearen arau sozialetara guztiz emana dago lehena. Medikua da, maila onekoa, bere bunkerrean gotortuta bizi dena, zekena eta berekoia, edalontzia beti bere alde beteko duena.
Haren ifrentzua da Juan anaia. Lotsagabe eta gizagaixoaren arteko muga lausoan, betiereko heldugabetasun batean bizi da, ameskeria ezinezkoari eta iraganeko kaseteei kateatuta. Haien arteko nolabaiteko oreka eta bakea bilatu nahi ditu bien arrebak.
Kontatzen dena baino gehiago, kontatzen ez den hori da film argentinarrak duen gauzarik interesgarriena. Handik eta hemendik utzitako piezen bitartez, iraganeko kontuak eta orainaldiko puzzlea osatu beharreko proposamena da. Baina behin ikusleak halako lana egin duenean, bere ahalegina nahiko ustela izan dela ohartuko da, anekdota hutsetik ez baita pasatuko marzianotarrek esateko dutena.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Marzianotarren liskarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu