'The Conspirator'
Zuzendaria: Robert Redford. Aktoreak: James McAvoy, Robin Wright, Kevin Kline. Herrialdea: AEB. Iraupena: 122 minutu.
Abraham Lincolnen hilketaren inguruko hamaikagarren filma ematen du The Conspirator-ek, baina berehala ohartuko gara AEBetako historian horren garrantzitsua izan den gertaera historiko hori ez dela benetan Redforden azkenaren mamia. Mary Surrat eta ingurumariak dira istorioaren oinarria; Estatu Batuetako historia behar bezala ezagutzen ez dugunontzat hori da, beharbada, filmak duen alderdirik interesgarriena, pertsonaia hori existitu zela jakitea.
Hala ere, berez hau ez da pertsonaien pelikula bat, gertaerena baizik. Ustezko konspirazio baten berri eman nahi du The Conspirator-ek: horren ondorioz ustez errugabea izaten ahal zen emakume bat urkatu zuten 1865. urtean. Errugabetasunaren inguruko auzia nahiko argi omen du Redfordek, eta ikusleak teoria horrekin bat egitea da helburu nagusietakoa.
Hauteskunde kanpaina baten parte izanen balitz bezala, Robert Redfordek karga politikoari eman nahi izan dio garrantzi osoa bere filmean, eta bide horretan arintasun narratiboarekin lotutako ikasgai ia guztiak ahaztu ditu.
Pelikulak horren sutsuki defenditzen duen sinesgarritasunean sartzea erabat antzua da, izatekotan historialarien lana baita hori. Epaiketaz harago, The Conspirator-ek salatu nahi duena justizia ulertzeko modu okerra da; gerra zibila amaitu berritan status quo berria finkatzeko mendekua hartzea zen inportantena, eta ez justizia egitea.
Iraganean oinarritu bada ere, argi da irailaren 11 osteko gizarte estatubatuarraren ispilu egin nahi izan duela, eta susmagarriak gatibu dauden fuertean ez da batere zaila Guantanamoko itzal luze eta beldurgarria ikustea.
Mezu hori baliatuta, ikuslearen enpatia lortzea ez da kontu konplikatua, baina inolaz ere nahikoa. Aspalditik Redfordek progresismoa ulertzeko ildo baten ahotsa izan nahi du, bere gizartearen bozgorailu kritiko bat, eta lan hau ere bere aurreko Lions for Lambs-en bide beretik doa. Zuzena da pelikula, politikoki jakina, eta zinematografikoki zuzenegia. Itxura batean, den-dena bere lekuan dago, baina fatxada dotore etaegitura klasiko horren atzean ez da heldulekurik, pertsonaia mekanikoak, pasiorik gabe kontatutako istorio bat eta ongi lo egiteko pilula lasaigarriak besterik ez.
Kritika. Zinema
Mendekuaren legea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu