Kritika. Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Antzinako Musika zikloa

Merezitako txaloak

Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Iagoba Fanlo

Egitaraua: Johann Sebastian Bachen BWV 1007, 1009 eta 1012 suiteak. Lekua: Santa Teresa komentua. Eguna: Abuztuak 7.

Ez du hainbesteko sona izan bere hirian. Iagoba Fanlo donostiarrak Madril eta Londres artean gauzatzen du bere musika artea, baina bere jaioterrian errezitaldi biribil baten aukera falta izan zaiola sumatzen da. Aukera aurtengo Musika Hamabostaldian iritsi da, kaleratu berri duen azken diskoarekin: Bach musikari handiaren sei suiteak. Biolontxelo jotzaile batentzat kristoren amildegia diren obra piezak dira, bai estiloan, bai teknika ezaugarrietan. Sei obra multzoetatik hiru aukeratu zituen betidanik amestu duen emanaldi honetarako, eta emaitza merezitako txalo zaparrada ikaragarria izan zen: Fanloren errezitaldia duintasun paregabekotzat definitu genezake.

Hasiera urduria izan zuen donostiarrak, arkuaren nondik norakoak soinu garratzean gauzatzen baitziren, baina lehenengo minutuak pasata, guztiz finko agertu zen agertokian. Sol Maiorrean idatzitako suitean, Courante txatala bizi algara jostagarriz apaindu zuen, baita bi minuetak garden erakutsi ere. Gigue pasartean adierazten diren modulazio ikusezinak bikain azaleratu zituen, nota konkretuetan berezko zama atxikiz. Zailtasuna areagotzen hasi zen Do Maiorreko suitean, bertan Allemande ziur batetik Courante solte bateraino igaroz. Halere, Sarabande lantzean, afinazio akatsak gaindiezinak izan ziren, hari bikoitzeko pasarteetan batez ere. Oztopoak pasata, Bourrée parean amorruzko interpretazio sutsu batez gozatu genuen.

Errezitaldiaren hozbero giroa goranzka zebilela, Re Maiorreko suite arriskutsua entzuteko aukera izan genuen. Aurreko suitean azaldutako afinazio zalantzakorrak berriz agertu ahala, bai soinu boteretsu eta hedakor bat erakutsiz, bai dinamikan aldaketa nabarmenik egin gabe, Fanlo donostiarra guztiz garaile irten zen, merezitako bihotz-bihotzeko txaloak jasoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.