Kritika. Musika

Mundua biraraziz

gorka erostarbe leunda
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bonnie Prince Billy

Non: Bilboko Kafe Antzokian.Noiz: urriaren 20an.

Noizbait esana du Ruper Ordorikak hemengo musika taldeen eta talde yankien arteko aldea oholtza gaineko jarrerak eta kantatzeko gustuak zedarritzen dutela. Hemengoek oro har jarrera erakusten dutela, eta hangoek oro har kantatzeko gustua dutela. Ordorika bera jabetuko zen, kontzertuan baitzen, bigarrenetik asko izan zuela Bonnie Prince Billy eta harenek Kafe Antzokian ostegun gauean emandako kontzertuak. Ez zen jende andanarik bildu Louisvilleko kantugilearen folk-rock errepertorio intimistaz plazer hartzera, baina nahiko giro bazegoen, miresmen eta errespetuzkoa. Nabari zen.

Eta giro hori, errespetuzkoa, ezinbestekoa da tempo geldoetatik abiatuta (zenbaitetan lasai eta eutsiegia) in-crescendo eta une gorenak ahotsetan oinarriturik aurkezten dituen proposamen bati erreparatzeko. Gitarraz lagunduta eta alkandora nahiz trajez jantzita agertu zen oholtzara Will Oldham (benetako izena). Alboan beste gitarra jotzaile bat, kantu askotan duoa egiten zion emakumezko kantaria, organo jotzailea eta kontrabaxu jotzailea zituen. Bostek sartu zituzten ahotsak uneren batean edo bestean. Kantu asko bi gitarren eta kontrabaxuaren country erritmo garaikidetu eta mantsotuek gidatzen zituzten hasieran, eta ahots jokoen sigi-sagek eramaten zituzten gailurrera. Goxotasuna eta landako soinuen baretasuna (I Don´t Belong To Anyone, No Match, After I made Love to You...), jada himno direnen indarra (I See A Darkness, So Eveyone...) eta alderik antzezleena —Tom Waitsen erako mugimenduekin—taularatzeko baliagarri zaizkionak (Go Folks) tartekatu zituen.

Ez du ahots aparte-apartekorik, nahiz eta geroz eta hobeto kontrolatzen duen, baina hunkidura sortzeko inor gutxik duen ahalmena du Oldhamek, eta kantatzen duen hori bizi eta biziarazteko ahalmena. Ez zirudien egun egokiena atzokoak haren kontzertu baterako. ETAren iragarpena, Gaddafiren heriotza, Athleticen partida... ia guztiak aipatu zituen Oldhamek berak, baina mundua gelditzetik oso urrun, berea bezalako proposamen txikiek munduak biraka jarraitzen duela erakusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.