'Bertsolari'
Zuzendari eta gidoilaria: Asier Altuna. Herrialdea: Euskal Herria.
Iraupena: 90 min
Asier Altuna eta Telmo Esnalek Aupa Etxebeste! (2005) komedia dibertigarriarekin barre eginarazi zigutenetik hainbat urte igaro dira. Aurten bi zuzendariak Zinemaldian izango dira, baina oraingo honetan bakoitzak bere filma ekarri du besapean. Altunaren proposamena Sail Ofizialean ikusi ahal izan da, lehiaketatik kanpo.
Jendea bertsolaritzaren inguruan egin duen filma ikusteko gogo biziz eta irrikaz zegoen. Kursaala gainezka bete zen eta giro ezin hobea arnasten zen. Ez zen gutxiagorako; egungo euskal kulturaren rock izar kontsidera daitezkeen horiek sekulako ikusmina sortzen baitute.
Bati baino gehiagori pelikula motz egingo zitzaion, eta ziurrenik Julio Medemen La pelota vasca baino luzeagoa izatea nahiago izango lukete zaleek. Baina hori seinale ona da, hasieratik amaierara arte ikus-entzulearen arreta bereganatzen baitu. Bukaeran entzundako txalo zaparradaren arabera, harrera bikaina eduki duela ez dago zalantzarik. Bertsolari-k ez du hutsik egin, eta lan borobila dela esan dezakegu. Gainera, bertsozaleak ez direnentzat ere erakargarria gertatuko da, ezbairik gabe.
Egileak bertsoaren unibertsoa arakatzea du helburu, eta bertsolariez gain, Fermin Muguruza musikaria, Joseba Zulaika antropologoa eta John Miles Foley ahozko tradizioan aditua dena agertzen dira, besteak beste. Bertsolaritza muga guztiak gainditzeko bidean da, eta ez nintzateke batere harrituko hemendik gutxira txapelketak zuzenean 3D zinemetan gozatzeko aukera badugu. Muguruzak dioen bezala, aldatzen eta transformatzen ez dena izoztuta geratzen da betiko, harri bilakatzen da. Bertsolaritzak ez du horrelako arazorik eta Altunaren lana horren adierazle garbia da. Gazte eta osasuntsu dago eta bidean aurrera doa. 60ko hamarkadatik aurrera hiriko espazioa konkistatu zuen moduan, espazio eta formatu desberdinetan topo egin dezakegu hitzarekin. BECerako peregrinazioa gainditzea zaila izango da, baina gaur eta bihar Kursaala lepoz gainezka ikustea espero dugu.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Munduaren konkistan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu