Kritika. Musika

Musika arte sakroa

2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
'Bilbao Ars Sacrum'

Non: Bilboko Gizakunde Elizan. Noiz: Martxoaren 28an eta apirilaren 4an.

C arlos Mena kontratenorrarekin eta Sevillako Orkestrarekin, arrakastaz bukatu da musika erlijiozkoari BAS-ek (Bilbao Ars Sacrum) aurten zuzendu dion zikloa. Gauza da oporren hasiera ez dela oztopoa izan, afizioz edo ofizioz musikazale direnek Gizakunde eliza, lepo gainera, betetzeko —nire uste apalean, akustikaren aldetik, eztabaidagarria dena—.

Izan ere, estimatua da Carlos Menak duen teknika buruko ahotsarekin. Bada, Gasteizkoak, Vivaldiren Stabat Mater,altu, hari eta kontinuarako, fraseo atseginak egin zituen, dinamikak mezza voce-raino eraman, eta afinazio txukuna lortu zuen, bai kantu silabikoan zein melismatikoan. Horri gaineratu behar zaio Sacarlattiren Salve Regina-ri eman zion erdi-dramatizazio gozoa eta gardena. Zaleen txalo andanari erantzunez, egia esan eskertzekoa izan zen gure abeslariak egitarautik kanpoko bi opari eskaini zizkigula.

Sevillako Orkestra Barrokoak aldiz, bateratasuna eta bere jakinduria barrokoko estiloarekin sendo lagundu zion abeslariari. Bakarrik jo zuen hasierako Vivaldiren L´Olimpiade Obertura, eta guztiz erakargarria den Charles Avison-en V. Kontzertua Concertos in seven Parts-etik, Scarlattiren erara eginda. Tamalez, nire ustez, akustikak sortzen zuen oihartzun txikiak ez zion askorik lagundu, eta klabea ez zen entzuten.

Zikloaren beste kontzertu batean, berriz, The Mississippi Mass Chor gospel estiloan etorri zen AEBetatik. Hiru ahotsetarako 18 kantariek saio desberdina— klasikoarekin alderatuz —, indartsua eta erakargarria haizeratu zuten pianoaren laguntzarekin. Bi arazo izan zituzten. Alde batetik, haien ahotsak eta gogoak, antza, ez zeuden berotuta; gainera, desafinoek eta bakarlarien ahots eskasak nabarmendu zituzten lehenengo bost abestiak. Bestetik, akustikak areagotuegin zuen estropezua, pianoaren harmonikoen eta abeslarien zantzuen laguntzarekin. Baina behin abeslariek tokiaren epeltasuna eta ahotsen altuera eskuratuta —hein batean behintzat—, gozatu genuen haien ereserki protestanteek duten lilura beltzen espresiobide bereziarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.