Kritika. Zinema

Nikolas Txikiren bihurrikeriak

Gontzal Agote.
2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
'La conquête'

Zuzendaria: Xavier Durringer. Aktoreak: Denis Podalydes, Florence Pernel. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.

Aukera ongi baliatu ez izana ezin zaie leporatu Nicolas Sarkozyren inguruko filma Hego Euskal Herrian banatu dutenei. Hilabete luzez bulegoko kutxa batean ahaztuta izan ostean, Xavier Durringerrek egindako biografia politikoa egunotan estreinatzea erabaki dute. Noiz, eta Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan gaudenean; noiz, eta Sarkozy ohi baino maizago agertzen ari denean mundu osoko albistegietan.

Izan ere, 2007ko hauteskunde eguna da La conquête hutsal honen abiapuntua. Garaipen handia lortu zuen orduan Sarkozyk, Frantziako presidentetza eskuinarentzat eta, batez ere, beretzat lortuz. Era berean, etsipen egunak izan ziren horiek, politikagintzan betidanik amestu zuen emaitza lortzen zuen bitartean emaztearekin zuen harremana betiko amaitu baitzen.

Bi plano horiek —politikarena eta pertsonala— uztartu nahi ditu filmak, zorte handirik gabe. Alde politikoa nabarmen nagusituko da; Chirac, De Villepin eta Sarkozyren arteko liskar amaigabeek agerian utziko dute politikagintzaren atzean dagoen errealitate ezkutua, handinahia eta botere gosea.

Modu nahiko eskematiko batean, Sarkozy bi ezaugarri horien adibide nagusitzat aurkeztuko digu Durringerrek. Lortu nahi duenarekin guztiz itsututa, helburua erdietsi arte sekula atsedenik hartzen ez duen pertsonaia nekaezina, arerioak aspertzeraino zirikatuko dituen enperadoregai txikia.

Erretratu hori lortze aldera, modu arriskutsu batean karikaturara gerturatuko da La conquête. Argi samar dago zuzendariak ez dituela Chirac eta enparauak sobera maite, baina erabili duen tonuan ez du asmatu zuzendariak. Nanni Morettik Berlusconirekin egin zuen modura, Durringer ez da ausartu kritika zuzena eta gupidagabea egitera, baina hainbatetan ezin izan dio eutsi horiek barregarriuzteko tentazioari. Eta definizio falta horrek zamatuko du film osoaren garapena.

Askoz arinagoa da filmak duen bigarren zutabe nagusia, Sarkozyren eta haren emazte ohiaren arteko harremanaren hondoratzea. Sakontasun handiagoa merezi zuen arloa izanik, ulergaitza izango da bien arteko krisialdiak hartuko duen abiadura azkarra. Egun batean poz eta algara dena, azalpen garbirik gabe, bereizketa mingarri bihurtuko da hurrengo sekuentzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.