'Genèse d'un repas'
Zuzendaria: Luc Moullet.
Herrialdea: Frantzia.
Iraupena: 117minutu
Urtea: 1978.
Aktoreak: Luc Moullet
Zygmunt Baumanek shoah modernitatearen ondorioa izan zela baieztatu zuen; ekintzen eta ondorioen arteko distantzia fisikoa eta psikologikoa handitu egin zen modernitatearen erruz; horrenbestez, norberak ezin zuen inolaz ere jakin bere ekintzek nolako ondorioak zituzten. Gizabanakoaren esperientzia zatikatua bilakatu zen, eta inor ez zen ezeren erantzule. Funtzionario onak goitik datozen aginduak betetzen ditu txintik ere esan gabe. Bestetik, juduak banan-banan akabatzea oso gogorra zen edozein soldadurentzat. Zientziak eta teknologiak lana erraztu zien; ekintzen eta ondorioen arteko distantzia areagotzeak posible egin zuen holokaustoa. Eta naziek gerra galdu zuten arren, modernitatearen ondorio kaltegarriak bere horretan diraute. Moullet Cahiers du Cinéma aldizkariko kritikari eta zuzendariak globalizazio ekonomikoak sortutako kontraesanak azaleratu nahi izan zituen 1978an grabatutako film honen bitartez.
Autokritikaren garrantzia
Lehenengo eszenan zuzendaria bera eta neska-laguna agertzen dira pantailan, eta atuna, platanoa eta arrautzak jaten ari dira. Egunerokotasunean askotan errepikatzen den gertaera da, ustez inolako garrantzirik gabekoa. Baina ekintzarik txiki eta hutsalenek ere esplotazioa bermatzen dute, eta egileak esplotazio hori agerian utzi nahiko du. Hortaz, Ekuador, Dakar eta beste hainbat tokitara bidaia egingo du produktu horien fase guztiak ezagutzeko asmoz. Langileekin eta buruzagiekin hitz egin ondoren ondorio batera ailegatuko da: bitartekariak geratzen dira mozkinekin. Garai hartan elikaduraren eta osasunaren inguruko kezka ez zen gaur egun bezain handia; horrexegatik frantsesari langileen bizimodua eta lan baldintzak interesatzen zaizkio. Globalizazioaren zentzugabekeria salatzeaz gain, autokritika egitearen garrantzia azpimarratu nahi du. Ezagutza bera beste esplotazio modu bat ez ote da?
Kritika. Zinebi jaialdia
'No hay paz en tu plato'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu