Kritika. Antzerkia

Otsokumeak

Agus Perez.
2012ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Konpainia: Espainiako Centro Dramatico Nacional. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 25.

Dudatan ibili naiz kritika honi izenburua jartzerakoan, baina La loba (Otsemea) ikusi ostean, otseme bakar bat ezagutu baino gehiago, bera eta bere otsokume-taldea ezagutu izanaren sentsazioa geratu zait. Bestalde, neure burua dokumentatu ostean jakin dut gaur ikusi dugunaren jatorrizko izenburua The little Foxes (Azerikumeak) izan zela, eta horrek izugarri poztu nau, neure txikitasunetik nolabaiteko lotura ideologiko eta sentimentala ezarri dudalako Lillian Hellman egilearekin.

Hellman New Orleansen jaio zen XX. mendearen hasieran, bertako familia aberats batean, eta beraz, bazekien zertaz ari zen bere obrarik nagusietako bat idatzi zuenean. Gainera, bere pentsamendu ezkertiarra erraz igartzen da obraren planteamenduan eta garapenean, eta interesekoa da jakitea komunistatzat jo zutela bere ideia aurrerakoiengatik, horrek ekarritako arazo eta bazterketarekin, nahiz eta bere bizitzako azken urteetan AEBetako onespena eta sari garrantzitsuak eskuratu zituen.

Hellmanek sortutako antzerki-testuan maisutasun handiz marrazten dira herri hartako hego eta iparraren arteko kontrasteak, hegoaldeko lur-jabe handien sasiaristokrazia aztergai nagusia izanik. Argumentuan zehar, gizarte hartako hiru osagai nagusiak azaleratzen dira: arrazismoa, matxismoa eta kapitalismoa, hirurak ere beren egoerarik gordinenean eta elkarri elikatzen, etengabe eta ezinbestean. Izan ere, gaur ikusi dugun muntaiatik analisi buruargi eta gupidagabe hori salbatuko nuke nik, bigarren planoan geratu den arren, Gerardo Veraren dramaturgia eta zuzendaritzaren ondorioz.

Lehen planoan agertu dena, ordea, Nuria Espert izan da, eta gehiegizko protagonismo horrek azaltzen du zergatik aldatu duten jatorrizko izenburu kolektiboa —Azerikumeak—, haren ordez Otsemea jartzeko. Argi dago dama katalan handiak antzokiak betetzen jarraitzen duela, baina niri betidanik egin zait nekagarria bere ahotsaren modulazio deseraikia, eta, azeri artean gabiltzala, nire susmoa da Regina Hiddens-en rola hala edo nola egokitua izan dela Esperten dotorezia zurrunaren mesedetan.

Gauzak horrela, ez da erraza izan gainontzeko aktoreen lana baloratzea, baina txukun gorpuztu dituzte haiek guztiek beren pertsonaiak, beren mundua bezain aldaezina izan den dekoratuan, eta ikusleen arreta ere, ez da inoiz beheratu, emanaldiak bi orduko iraupena izan duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.