'Ici et ailleurs'
Zuzendaria: Jean-Luc Godard, Jean-Pierre Gorin, Dziga Vertok taldea eta Anne-Marie Mieville. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 1976. Iraupena: 50 minutu.
Adachi eta Wakamatsu japoniarren Sekigun baino askoz konplexu eta interesgarriagoa da film hau. Palestinako Aginte Nazionalak enkargatutako proiektu bat izan arren, Godarden hitzek hausnarketarako aukera paregabea ematen dute. Pobreek arrazoi izatea eta aberatsak oker egotea sinpleegia dela dio, eta harago joan nahi du. Esaldiak behin eta berriz errepikatzen ditu, ikus-entzuleak memoria txarra duela baitaki, eta palestinarren borroka abiapuntu badu ere, komunikabideez hausnartzen amaitzen du. Modernitateko pantailek pertsonen esperientzian duten eraginaz ohartarazi nahi gaitu. Pentsamendu kritikoa sustatzea du helburu, eta esaldi bakoitzarekin publikoa harrapatu nahi du. Edozein esaldi entzun ostean luzaroan geratzen da norberaren barnean hitz horiek sortutako oihartzuna. Irudien kontsumitzaile orok buruari eragin diezaion nahi du, eta haren diskurtso eta jolasek pentsatzera behartzen dute. Iradokitzen maisua da, eta azkenerako batek ez daki zer pentsatu behar duen. Hori da lanaren bertuterik handiena; zalantzek etengabe erasotzen baitiote publikoari. Diapositibak, argazkiak, hildakoen ahotsak… bat egiten dute collage esperimental honetan. Audioarekin eta irudiekin mila gauza egin daitezkeela frogatu nahi du. Filma zatikatua da, eta kaos horren erdian ordena jartzeko erronkari aurre egin beharko dio bakoitzak. Irudi bat bestearen atzetik kontsumitzen ditu gizabanakoak, eta jada ez daki non dagoen den ere. Azkenean, hemen eta beste toki batean gaude aldi berean. Errusiarrek muntaketaren garrantzia azpimarratu zuten; irudi bat ez da ezer, gainerakoekin duen harremanak ematen dio zentzua irudiari berari. Erailketek eta iragarkiek bat egiten dute telebistako pantailan.
Kritika. Zinebi jaialdia
Pantaila odoltsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu