Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Polizia ustelarena

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
'Rampart'

Zuzendaria: Oren Moverman. Aktoreak: Woody Harrelson, Robin Wright, Sigourney Weaver, Ned Beatty, Ice Cube. Herrialdea: AEB. Iraupena: 102 minutu.

Nobela beltza garaikidearen izen ezagunenetakoa da James Ellroy, eta dagoeneko klasiko txiki bat da pantaila handian; bere liburu asko moldatu dituzte zinemarako, horien artean ezagunena Curtis Hansonen L.A. Confidential. Bere bigarren pelikulan idazle estatubatuarrak idatzi duen istorio bat izan du esku artean Oren Movermanek, errealitatean oinarrituta dagoen polizia ustelkeriaren inguruko istorioa.

Dave Brown polizia ez da batere pertsonaia atsegina, eta ez du disimulatzeko ahaleginik egiten —«adin honetan ez nago lagun berriak egiteko», dio, harroputz—. Ustela, bortitza, arrazista, homofoboa, drogazalea —alkohola eta botiketako pilulak, bederen—, lapurra eta hiltzailea… horiexek dira beste ezaugarrietako batzuk. Pertsonaia zakar hori da filmaren ardatz nagusia, infernuan bizi da, eta are beherago segituko du bere ibilbidean.

Rampart-eko hasiera bizia da, arreta lortzea piztuko da lehen minutu horietan, thriller on eta zikin baten promesa da. Baina, lehenengo kolpe hori igarota, ustelkeria tramak eta akzioak indarra galduko dute; horren ordez, Dave Brownen auto-suntsipenerako bidea fokuaren erdian jarriko da, eta filmak askoz ere ikuspuntu existentzialagoa hartuko du. Horrekin, guztiz apalduko da istorioak piztutako hasierako interesa: agur, thriller zikina; agur, Jim Thompson.

Oren Movermanen zuzentze lanak ere ez du sobera lagunduko. Gehiegi sumatzen da haren eskua —kameraren mugimendu ulergaitz batzuetan eta argi efektuetan bereziki—; nonbait berritzailea dela aldarrikatu nahi du, askotan hobe denean klasiko izaten segitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.