Kritika. Opera

Romeo erakargarri eta sinesgarria

2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
'Romeo eta Julieta'

Egilea: Charles Gounod. Abeslariak: Jose Bros (tenorra), Patrizia Ciofi (sopranoa), Roberto Tagliavi (baxua), Mary Ann Steward (mezzosopranoa), James Creswell (baritonoa). Musika zuzendaria: Josep Caballe. Eszena zuzendaria: Arnaud Bernard. Taldeak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatza. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregian. Eguna: azaroaren 22a.

Zalantzarik gabe, Jose Bros tenorra izan da irabazle Bilbon, Gounoden Romeo eta Julieta operaren gainean egin den bertsioan. Izan ere, berak beharrezko diren gaztetasunaren tinbrea, adorea eta bat-batekotasuna eman baitizkio Romeoren pertsonaiari. Horretarako, melodismo lirikoari ondo datorkion ahots garbia, dardarkaria eta kolore erakargarriz betea atera zuen.

Tenorraren ezaugarri horiei gaineratu behar zaizkie arnasketa zuzenaren ondoriozko fraseoa, lerro-kantua eta agudo paregabeak, eta ahoskera txukuna bai ariosoetan zein cavatinan edo duoetan. Haren bikotekide kantariak, Patricia Ciofik, irakurketa zuzena egin zuen Julietteren rolean eta gozotasuna ere adierazi zuen. Baina haren ahotsak ez zuen lagunaren pareko distira lortu.

Bestetik, Roberto Tagliavik sinesgarritasuna azaldu zuenfraidearen rolean baxuarena egiten, pare bat nota baxu eskas jo zituen arren.

Gustatu zitzaigun Mary Ann Stewart mezzoaren kantaldi polita. Kunplitu zuten, berriz, Creswel baxuak eta Belcher baritonoak euren roletan. Bada, euskal abeslariek ez zituzten oraingoan partitura luzeak kantatzeko, Jon Plazaolak izan ezik. Honek polito antzeztu eta kantatu zuen Tybal-en papera. Beste horrenbeste egin zuen Itxaro Mentxakak Gertruderen rol laburragoan, eta maila eman zuten Axier Sanchezek eta Fernando Latorek beren parte hartze txikietan.

Bilboko Operaren Abesbatza goi mailan aritu zen, batez ere III. ekitaldiaren azkenean, hau da, Tibalen heriotzari dagokion atalean. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak, beste behin ere, ederto ekin zion lirismo melodikoari, zeina oso ondo eraman zuen Josep Caballek. Honek ondo asko kontzertatu zituen musikaren osagai guztiak. Baina eskas iruditu zitzaigun eszenografia minimala; korukideek eszenatik zehar egindako ibilbideak eta figurazioak prologoan egindako zarata eta alarauak ez zitzaizkigun gustatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.