'Drive'
Zuzendaria: Nicolas Winding Refn. Aktoreak: Ryan Gosling, Carey Mulligan, Albert Brooks, Ron Perlman, Oscar Isaac. Herrialdea: AEB. Iraupena: 100 minutu.
John Cassavetes auto gidari profesional bat da The Killers-en. Erakustaldietan aritzen da, harik eta gaizkile talde batek —tartean Ronald Reagan dela— harekin harremanetan jarri eta lapurreta batean parte hartzeko gonbita eginen dion arte. Haren zeregina, autoa ahalik eta azkarren gidatzea; bere saria, bizimodu lasai baten promesa. Gauzak ez dira espero bezala aterako eta ihesean ibiltzera kondenatuko du patu txarrak. Badaki heriotza atzetik ibiliko duela betiko. Lee Marvinekin ailegatuko da...
Don Siegelen maisulanarekin —Robert Siodmaken beste pelikula handi baten remake-a dena— parekotasun handiak ditu Nicolas Winding Refnen Drive harrigarriak. Thriller bikaina da, Siegeli zein Alain Delonek haragitu zuen samurai isil horri asko zor diena. Baina batez ere, 80ko hamarkadatik aurrera egin den neonoir generoko film nagusien sintesi paregabea da Drive. Quentin Tarantino eskuinetik aurreratuta, zuzendari daniarrak iturri askotatik edan eta azken emaitzari nortasun propioa ematen jakin izan du.
Birziklatzearen eta gaurkotzearen artearen masterra egin du Winding Refnek. Zinema beltza eta thriller garaikidearen arau nagusiak bere egin eta auto baten atzealdean sartu ditu. Eta klasiko handienen lehen lezioa oso gogoan izan du Drive egiteko orduan, pertsonaiek ezkutatzen duten hori izan ohi da istorioak duen alderik interesgarriena.
Lapur laguntzaile lanetan aritzen den gidari isil eta misteriotsu bat aurkeztuko digu lehen sekuentzia eredugarriak; hortik aurrera hiri barneko armiarma-sare trinko eta neoizko batek harrapatuko ditu pertsonaia guztiak. Drive eta Irene aurretik kondenatutako gizabanakoak dira. Etorkizun beltzari iskin egiten saiatuko dira, batak bestearengan bilatuko du babesa, alferrik da ahalegina. Ez dute nora ihes egin, ez dute elkarrekin segitzerik, ez dute zerotik hasterik.
Hasierako argi printzak laster bilakatuko dira iluntasun, ez da esperantzarik Driverentzat, ez da lasterketa batean aritzearen ametsa beteko. Dena kontrolpean izan nahi duen gidari-samuraia galbiderako errepidean sartuko da, maitasun platoniko batek bultzatuta. Hortik aurrera, kode biolento baten legeak aginduko du, mendekua eta ihesa. Etika berezi batek uztartuko ditu bolantea eta dirua, eta azkenean odolaren mintzoa nagusituko da.
Kritika. Zinema
Samuraiaren galbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu