Kritika. Musika

Sekulako interpretazioa

Arkaitz Mendoza.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Royal Liverpool Philarmonic Orchestra

Zuzendaria: Vasili Petrenko. Pianista: Joaquin Atxukarro.

Egitaraua: Johannes Brahmsen 'Pianorako 2. kontzertua' etaDmitri Xostakovitxen '10. sinfonia'.

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriumean. Eguna: urriak 20.

Donostiako Kursaal auditoriumean XXI. mendean entzun den interpretaziorik hoberenetakoa izan da Vasili Petrenkok zuzendutako Dmitri Xostakovitxen 10. sinfonia. Duela hiruzpalau urte Valeri Gergiev errusiarrak eta Marinski Antzokiko orkestrak oparitutako Piotr Ilitx Txaikovskiren Sinfonia patetikoa-rekin batera, mende honetan Donostian entzun diren musika klasikoko emanaldi onenak izan dira. Petrenko gazteak zuzendu eta, batez ere, hain ondo landutako Xostakovitx deskribatzea ezinezkoa zait. Harrigarri, txundigarri eta halako milaka izenondo gehitu genitzake sentitutakoa azaltzeko. Gramophon saria lortu du Liverpoolgo orkestrak interpretatutako Xostakovitxen 10. sinfonia honekin, urteko grabaketarik hoberena, merezimendu guztia ingelesentzat, larunbatean entzun genuena gutxitan goza daitekeen une zirraragarria baita. Petrenkoren esanetara, maisu azaldu ziren musikari guztiak, melodiak bere puntuan, esanguratsu eta biziki adieraziak, eta partituraren sakontasuna barrenetaraino xurgatu zen.

Zuzendari errusiarraren 36 urteak piano jotzailearen 80 urteekin lehia bizian kontrajarri ziren. Johannes Brahms musikagilearen obra behar bezala ulertzeko, musikariaren heldutasuna funtsezkoa da. Joaquin Atxukarro bilbotarra, bere zorioneko kontzertu bira honetan, eroso sentitu da, zainetan daraman obra baita Brahmsen 2. kontzertua, eta duintasun handiz zaindu zuen bere interpretazioa. Lehiaren beste alderdian, gaztetasuna zen nagusi: Petrenko sutsu bat Liverpoolgo orkestra astintzen, melodien geldiuneak gozatu gabe, arintasunean musika bat-batean irensten. Bi Brahms ezberdin Brahms berean. Sakontasun jakituna zolitasun bakunaren esanetara; garaile, inor ez; musika bera kaltedun. Amaieran, garaiz saihestu ez zuten musika istilua berdinketa zorigabean iltzatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.