'Shame'
Zuzendaria: Steve McQueen. Aktoreak: Michael Fassbender, Carey Mulligan, Bagde Dale. Iraupena: 101 minutu.
Gehiago izaten ahal ziren, baina espazio urri honetan hiru dira ezinbestean nabarmendu beharreko kontuak.
Steve McQueen. Zerikusirik ez begi argiko aktore ezagunarekin. Zinema zuzendaria izateaz gain, artista trebea da, eta hori bere pelikula guztietan asko nabaritzen den zerbait da. Espazioak eta koloreak pantailara eramaten abilezia ikaragarria erakusten du. Sekuentzia luzeak maite ditu, aktoreekin lan egitea gustatzen zaio, eta ez du planoa etengabe mozten aritzeko arrazoirik aurkitzen. Hainbat bideo esperimentuz gain, bi pelikula egin ditu. Bietan ala bietan, gorputzarekiko interesa agertu du. Berea ez da Cronenbergen new flesh hori; gorputzaren mugak, morrontzak eta aukerak aztertu nahi ditu bere filmetan, dela gose greba politiko baten bitartez, dela gaitz garaikide baten bitartez. Lehen filmetik zuzendari bikaina dela erakutsi zuen, ezinbestekoa izateko bidean.
New York. Film britainiarra da Shame; bere egile nagusiak ez dira estatubatuarrak. Eta hiria bera ez da protagonista nagusia. Hala ere, oso gutxitan jaso izan du pelikula batek hiritzar baten arima horren modu egoki eta neurtuan. Gaur egungo Manhattan izaten ahal da Shame, hiria etengabe dago presente. Ez da postal baterako apainduta, hiria bizirik dagoen munstro hotz eta urruna izango balit bezala agertzen da. Alde horretatik, oso gertu daude Drive (Nicholas Winding Refn, 2011) eta Shame, bi hiri diferente, Los Angeles eta New York, beti mehatxuan, beti atezuan. Eta New York ez da soilik eraikin erraldoien hiria, lur azpian eta gauez bizi den izaki diskretua ere bada.
Michael Fassbender. Ez da batere originala aldizkari guztietako azaletan dagoen aktorea laudatzea, baina egin beharra dago. McQueenek lehenaukera handia eman zion, ederki aprobetxatu zuen. Bobby Sandsena egin, eta ikusleak harri eta zur utzi zituen. Gero Tarantinok mundurako bultzada eman zion. Shame-n egiten duen lanak ez du zerikusirik Hunger-ekoarekin; han fisikoa zen gehienbat, hemen guztiz psikologikoa da. Ikaragarria interpretazioa, kamerarekiko norgehiagoka, lehiari eusteko modua, zirkin batekin adierazten ahal duena.
Zuzendari bat, hiri bat, aktore bat.
Askoz ere gauza gehiago ditu Shame-k, baina horiek aski pantaila baten aurrean aspaldiko gozamenik handiena hartzeko.
.
Kritika. Zinema
Sexua New Yorken
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu