'Sykt lykkelig'
Zuzendaria: Anne Sewitski. Aktoreak: Agnes Kittelsenn, Henrik Rafaelsen. Herrialdea: Norvegia Iraupena: 85 minutu.
Norvegiako paisaia hotzetan pasioaren garretarako ere lekurik badela erakutsi nahi omen du Anne Sewitskiren lehen film luzeak. Elurra nonahi, baina hemen ez da Fargo-ko misterio eta hilketarik; dena askoz ere intimoagoa da, txikia eta isila. Ganbera antzezlan bat balitz bezala, lau pertsonaia nagusien arteko harremanak, sexu eta maitasun grinak nola korapilatzen eta askatzen diren erakutsi nahiko du.
Bizilagunekiko erakarpenarena zinemaren azpigenero klasikoa da, norbait etxez aldatu eta auzoarekiko harremanetan hasi ia ezinbesteko ekuazioa da. Hortik aurrera, hamaika bide irekitzen ahal dira; The Seven Year Itch-tik (Billy Wilder, 1955) La femme d´à côté-ra (François Truffaut, 1981) katalogo luze eta mugaezina da.
Sykt Lykkelig-ek talde horretan sartu nahi du. Hasiera-hasieratik erakutsiko ditu bere kartak, inguru bakartia, bi gizonezko eta bi emakumezko, bakoitzak bere arazoen motxila soinean daramala. Horien osagarri, bikote bakoitzak duen haurra, eta aringarri, trantsizioak egiten laguntzen duen abesbatza jatorra.
Osagai horiekin jokatuta, argi da pertsonaiek behar dutela indarrik handien izan. Horretan nahiko desorekatua da pelikula, eta ez da istorio korala izatera ailegatuko. Kaja alai eta baikorrak hartuko du protagonismo gehien, bere bizipoz gehiegizkoa izanen da gainerako istorio guztien ispilu, gainerakoek bere erritmora eginen dute dantza. Tonu horrek kutsatuko du film osoa, eta mingostasuna beharrean, azken emaitzari didaktismo kutsu bat emanen dio.
Planteamendu horretatik, ezusteko gutxi ditu eskaintzeko. Inguru ezohikoaz haratago, sentimenduen gainean ariko da, originaltasun handirik gabe, baina hutsegite larririk gabe. Film neurtua da, gorabeheratsua, hala ere. Pertsonaien inguruan hainbat lerro zabalduko ditu, baina bide horietan askorik barneratu gabe. Horrelakoetan gertatzen den bezala, ohiko zalantza sortuko da, propio ikuslearen eskutan utzi nahi izan ote den hutsuneak betetzeko ardura, ala besterik gabe arintasun handiegiz ez ote duen jokatu zuzendariak.
Kritika. Zinema
'Shiny happy people'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu