Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Kursaal Auditoriuma

Siberia donostiarra

Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa

Programa: Sergei Prokofieven 'Ivan Izugarria'.

Zuzendaria: Iuri Temirkanov. Abesbatza: Donostiako Orfeoia.

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abuztuak 27.

Egun handia Musika Hamabostaldian. Sarrerak amaituta, etxeko abesbatza Txapeldunen Ligako finala jokatzeko prest, eta, gonbidatu izar gisa, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoa. Narratzaile, abeslari, zuzendari, orkestra eta musika errusiarrak ziren; denak, abesbatza izan ezik; halere, Donostiako Orfeoiak zabaldutako erakustaldia Siberiako berezko hots eta uluz horniturik azaldu zen, errusiarrak izango balira bezala. Ivan IV.a Vasilievitx, Ivan Izugarria deiturikoa, Errusiako tsarra izan zen, 1547- 1584 urteetan. Siberia konkistatu zuen epealdi hartan. Honakoan Donostiako Orfeoiak Siberia eta Errusia guztia bere gain hartu du ,Sergei Prokofieven Ivan Izugarria obran frogatutako mailarekin, ikusgarritasunetik liluragarritasunera!

Abesbatza bikain aritu zen, obra oso gogorra da Prokofievena, uneoro den-dena eman beharreko horietakoa, geldialdirik gabekoa. Indar handiko abesbatza behar da musika errusiar hau interpretatzeko, eta Donostiako Orfeoiak lehen mailako jokalariak jarri zituen hasieratik jolastokian. Heldutasuna eta ziurtasuna beharrezko ziren emanaldi honetan, eta abesbatza ez zen kikildu; basati, indartsu, malgu eta lazgarri. Iuri Temirkanov zuzendari handiak eskainitako interpretazioan erritmoa izan zen garaile, musika ez zen eteten, pausaldiak oso gutxi, jarioa zen lehen lehengai eta orkestrakideek bikain ulertu zuten mezua. Eztanda handiko metal talde esanguratsua, harizko musikari zuzenak eta perkusio talde doi-doi bat begiztatu zen San Petersburgoko orkestran. Ahots bakarlarien garrantzia xumea da obra honetan, baina kolore anitzeko ahotsak aurkitu genituen Ketevan Kemoklidze mezzo-sopranoarengan eta Dmitri Lavrov baritonoarengan. Obrari behar bezalako behin betiko lotura txertatzeko Nikolai Burov narratzaile dotorearen lana zirraragarria izan zen. Entsalada errusiarra, etxeko abesbatzaren errezetaren menpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.