Stockholm 59º north
Lekua. Gasteizko Principal antzokia.
Data: urriak 15.
Stockholm 59º north izeneko konpainia Suediako Errege Balleteko solistekin osatua da, eta kalitate bikaineko egitaraua ekarri du Gasteizko jaialdira.
Gaueko lehendabiziko piezan —Cantus in memory of the dancing Queen— dantza puruaren muturreko sakontasuneraino eraman gaitu Giovanni Bucchieri koreografoaren proposamenak. Dantzariek —haien artean Jens Rosen konpainiako zuzendari artistikoa— lehen unetik bertatik bahitu dute gure arreta beren dotorezia eta presentzia eszeniko itzelarekin, eta mundu estrainio batera eraman gaituzte, non beltzez jantzitako hiru emakumeek eta bi gizonek heriotzaren eta dantzaren arteko erritual mistiko bat gauzatu duten.
Pina Bausch gogoan
Koreografian zehar ideia askori egindako erreferentziak iradoki dira, eta haien artetik Pina Bauschen figurak planeatu du, gizakion patu tragikoa emakume maletadunaren bidez eta dantzatik kanpo baina eszenan bertan geratu diren pertsonaia enigmatikoekin irudikatuz. Jantzietan eta keinuen dramatikotasunean ere sinbolismo handiko osagaiak erabili dira, eta dantzak maisuki konbinatu ditu jarduera kementsua eta estatua klasikoen edertasun estatikoa. Esan beharrik ez dago gaindiezina izan dela dantzarien maila teknikoa, eta pasarte batzuetan —bereziki hiru emakumeen etengabeko jolas hipnotikoan— suaren garrak ikusiko bagenitu bezala sentitu gara, azaldu ezinezko lilurak harrapatuta eta unea betiko iraun zezan desiratuz.
Atsedenaldi baten ostean Mats Ek-en Pas de danse gozagarria etorri da, baina aurreko piezaren inpaktua zela-eta ezin izan dut behar zen beste gozatu muki-zapi baten inguruan sortu den dantza umoretsuarekin.
Hirugarrenarekin, ostera, dantzaren intentsitatera itzuli gara Pontus Lidberg-en Tactile Affinity lanarekin. Argi diseinu landuak eta behe-lainoak indarra eman diote giroari, eta hiru gizonezkoen arropa proletarioak kontraste berezia egin du emakumezkoen itxura delikatuarekin. Dantzariek, berriz,itzelezko leuntasunez irudikatu dute giza izpirituaren metafora eta, azkenik, Philip Glass eta David Lang-en partiturek nortasun garaikide eta industriala gehitu diote piezaren lirismoari.
Kritika. Dantza
Stockholmeko sindromea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu