Halle orkestra
Lekua: Kursaaleko auditoriuma.
Eguna: Abuztuak3.
Esnatu orduko, sukalderantz abiatu nintzen. Atea ireki bezain pronto, sekulako festa alai batek harritu ninduen. Platerak armairutik irten nahian, bezperako afariko edalontziak armairura sartzeko irrikaz, eta gatza gordetzen nuen kaxatxoa guztiz irekita. Mugimendu eta haize bolada izugarri hori kutsakorra izan zen Halle orkestraren Debussyren interpretazioan. Zurezko haize sendia hegaldi bikainean Giga-k atalean, sardexkaren eta koilararen arteko liskarra jario magiko batean urtuta azalduko balitz bezala. Kafe makina goraino bete, eta martxan hasi zen igandeko gosaria. Elder zuzendariak zehaztasun ikusgarriz gidatu zuen Udaberriko errondak musika atala, egunsenti eguzkitsu horretako gosariak berezia izan behar zuen seinale.
Kafea irakiten, ogi txigortuak prest, laranja zukua fresko eta eguneko egunkaria mahai gainean. Sukaldeko festa baretu, denbora geldiarazi, eta gosariaz disfrutatzeko ordua iritsi zen. Bake giro horretan, Hoffman biolontxeloaren negar zotinak azaleratu ziren. Elgarren Kontzertu-ak dakarren atsekabe, gorroto eta minbera ziztadak kafe zurrupada bakoitzean pixkanaka bereganatu nituen. Ez zen prozesu erraza izan, Hoffman biolontxelo jotzaileak eta Halle orkestra ingelesak interpretazio hunkigarri, lasai eta sakon bat egin baitzuten, leihotik barrena arrapaladan sartzen ziren eguzki izpiek sukaldeko zoko guztiak argiztatu arte iraun zuen bakealdi liluragarria izanik.
Straussek eta haren Heroi bizitzabat poema sinfonikoak gosari zerutiarra ezerezean utzi zuten. Bazkalordurako prest egon behar zuten babarrunak lapikoan dantzan hasi ziren Straussen indar eta boterean. Tronpak nagusi, oboea distiratsu eta bigarren biolinak emankor aritu ziren janari prestatze honetan, babarrunak ziztu bizian epeltzen, usain barrenkoi bat jariatuz. Nahiz eta Elder zuzendariak aurrera bidean orkestra mugiarazteko arazoak eduki, jakia bikain egin zen, eta sukaldeko festa etengabe mantendu zen goiz osoan.
Kritika. 73. Musika Hamabostaldia
Sukaldeko festa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu