'Stilleben'
Zuzendaria: Sebastian Meise. Aktoreak: Fritz Hortenhuber, Daniela Golpashin, Christoph Luser. Herrialdea: Austria.Iraupena: 78 minutu.
Lydia izeneko emagaldu bati idatzitako gutun batek familia arrunt baten egoera hankaz gora jarriko du Sebastian Meisek zuzendutako lehendabiziko lan luzean. Pelikula zuzena eta txukuna da, baina ez du nabarmentzea lortzen. Ez du emozioetan eragiten. Tentsioa oso presente dago, eta intrigarik ere ez zaio falta, baina, arrakasta lortzeko beharrezko osagai guztiak dituen arren, emaitza ez da espero zitekeen bezain ona. Ezin daiteke Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean estreinatu diren beste batzuekin alderatu, Silver Tongues eta Urte berri on, amona! kasu.
Hala ere, meritu handiko operaprima da. Gutun horrek abian ipiniko du trama, eta familiako partaideek beren mamuei aurre egin beharko diete. Aitaren alkoholismoaren atzean ezkutatzen den egia mingarriegia suertatuko zaie, eta familiaren hauskortasuna agerian geratuko da. Familia segurtasunaren eta inozentziaren tenplua izan ohi da, baina infernu bilakatzen da maiz. Arrotzak izango balira bezala jokatzen dute, eta arazoari aurre egin beharrean, ihesean dihardute.
Ez dago protagonista nagusirik, seme-alaben eta aita-amen arteko harremanak interesatzen zaizkio austriarrari. Gai polemikoa jorratzen du egileak, eta maitasuna eta desiraren arteko mugaren inguruan hausnarketa plazaratzen du. Aitak alabarekiko sentitzen duena guztiz onartezina da gizartean. Todd Solondz estatubatuarra perbertitu eta pederasten istorioak kontatzen espezialista da; era gordinean eta umore handiz larrutzen ditu pertsonaiak. Meisek hitz gutxiko filma burutu nahi izan du, eta iradokitzea eta zalantzak sortzea atsegin du. Imajinazioa ezinbesteko osagaia da puzzlea osatu ahal izateko. Galderen zurrunbiloak ez du etenik.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Zuzendari Berriak
Tabu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu