'A Dangerous Method'
Zuzendaria: David Cronenberg. Aktoreak: Keira Knightley, Viggo Mortensen, Michael Fassbender, Vincent Cassel, Sarah Gadon, Katharina Palm. Herrialdea: Kanada. Iraupena: 93 minutu.
Cronenbergena ez den film bat egin du David Cronebergek». Gisa horretako aipu ugari idatzi eta esan izan dira azken hilabeteotan, A Dangerous Method Veneziako Zinemaldian aurkeztu zenetik. Baina funtsik ba ote dute halako baieztapen potoloek? Ez ote da, hain zuzen ere, kontrakoa? A DangerousMethod ez ote zuzendari kanadarrak egin duen filmik cronebergiarrena?
Azalari erreparatzen badiogu, argi dago honako honek ez duela zinemagilearen film gehienekin antz handirik. Biografia historikoa da, garai jakin bati oso lotuta dagoen erretratu kolektiboa. Alde horretatik, ez du zer ikustekorik Videodrome eta Crash-en gisako fikzio ilunekin. Aspaldi bateko zuzendari likits, itsaskor, probokatzaile horren itzalik ez da ageri Austriako karrika dotoreetako bazterretan.
Itxura batean, kanon klasikoaren araberako pelikula egin nahi izan du zinemagile beteranoak. Nolanahi ere, beste askok ez bezala, oso ongi neurtu du Cronebergek halako gaurkotze historikoek izaten ohi dituzten arriskuak, gehiegikeria oro saihestuz.
Hortaz, janzkerari erreparatuta, ez da batere bere tankerako filma, ez. Baina hori bakarrik balitz...
Pelikulak kontatzen duenari, alegia, istorioari erreparatuta, A Dangerous Method filmografia aberats oso bat gidatu duten obsesio eta gai guztien bilduma paregabea da. Pertsonaien arteko elkarrizketa luzeetan ezkutatzen dira betidanik keztatu dituen gaiak: sexu portaera eta hipokrisia, gizarte konbentzioak, gizakiaren alde iluna, zientziaren mugak, heriotza...
Hori guztia modu zehatz eta eredugarrian dago emana, tesi pelikula guztiz baztertuz. Hasi eta buka, argi dago zuzendariak jakin badakiela zer atera nahi duen pertsonaiengandik, zergatik aukeratu duen narrazio hori eta zer-nolako moldea erabili nahi duen.
Zuzendaritza aldetik, zehaztasun ikaragarriz funtzionatzen duen tresna narratiboa eraiki du David Cronenbergek, eta, bide batez, mundua ikusteko bere ikuspuntua hobekien azaltzen duen filma egin du.
Zinemagile kanadarrak hautatu duen bidea ez da erraza, eta zenbaitetan desorekatua ere bada —Ameriketarako bidaian bereziki—; ekintza oro baztertuta, antzezlan baten gisara planteatu du A Dangerous Method. Pertsonaiek esaten dutena pelikularen oinarria da; gidoia karta sorta baten gisara zabaldu, eta ikusleari aukera ezin zabalagoa eskainiko dio, zientziaren barrunbeetatik hasita diskurtso arrazionalaren kontraesanetaraino iristeko. A Dangerous Method hangoaz eta hemengoaz arituko da, pausarik gabe, historiaren urruntasunetik baina erabateko gaurkotasunez.
Kritika. Zinema
Teoria eta praxia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu