Kritika. Artea

Tragedia osteko katarsia

El cielo llora tanto que debería ser mujer. ARTIUM.
Mikel Onandia Garate.
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Regina Jose Galindo. 'Oilo ipurdia'

Non: Artium. Gasteiz. Noiz arte: Maiatzaren 1a arte.

Aretoaren erdian metalezko hilotz-hozkailu bat, eta barruan emakume gazte bat, biluzik. Jendeak hilkutxa ireki eta emakumearen azalaren transformazio prozesua ikus dezake. Mostra osoaren espiritua adierazten duen Oilo ipurdia izeneko performance horrekin inauguratu zuen Artiumen Regina Jose Galindok (Guatemala,1974) gizarte garaikidearen arazo larrienetako batzuk modu agerikoan agertzen dituen erakusketa monografiko interesgarri bezain desatsegina.

70eko hamarkadan praktika feministek mahai gainean jarritako gorputzaren trataeraren eztabaida sakonaren ostean, Galindoren lana autoerrepresentazioren korrontean kokatu behar dugu. Valie Export, Ana Mendieta, Yoko Ono zein Marina Abramovicen eragina igar dezakegu haren proposamenetan, baina ibilbide propioa garatu du. Oro har, arte modu performatiboa, haragizkoa, sexuatua eta konprometitua dugu.

Poesiagintzatik ekintzara egin zuen salto Galindok, performer gisa lanean hasteko. Gorputza kameraren aurrean indar poetiko lez darabil, eta horixe da, hain justu, haren artearen euskarria, gehienetan muturreraino daraman erreminta. Gorputz soziala da berea, beste gorputz askoren isla. Haren poesia lez —hainbat olerki paratu dituzte hormetan—, esplizitua dugu, gogorra, baina aldi berean sinbolismoz betea: mina, sufrimendua, muturreko pobrezia egoerak, indigenen egoera latza, autoritateen abusuak, Mendebaldeko kanon estetikoak, eta horien azpian gai nagusia, funtsean, emakumeekiko biolentzia.

Estrategia antzekoak darabiltza lan guztietan. Teatralizaziorik ez dago, zuzenak dira, ornamentu gabekoak, eta ikuslearengan lortzen duen inpaktua nabarmena da. Errespetua ematen duten lanak dira, izutzen dutenak. Oportunistatzat jo dute, baina haren lanek indar berezia dute.

Galindoren ekintzetan ez dago lekurik inprobisaziorako, dena baitago aurretik pentsatua. Akzio guztiak bideo eta argazki bidez dokumentatuak izan dira, eta artistaren azalpen labur bezain argi batekin daude ikusgai. Pertsona itsuak artista biluzik dagoen gelara sartzen dira, duten erreakzioa ikusteko asmoz; gizon batek herri txiki bateko kaleetan hilkutxa bat darama lepoan, gora eta behera; artista eta bere senarra, ume txikiarekin batera, AEBetako ziega familiar batean bizi dira 24 orduz; gorputzeko ile guztiak moztu eta biluzik dabil Veneziako kaleetan barrena; oinak giza odolean bustita oinez doa Guatemalako Auzitegi Nagusitik Jauregi Nazionalera, bere herrialdeko gatazka armatuaren biktimen oroimenez eta Efrain Rios Montt diktadorearen presidente-hautagaitza salatuz; izterrean perra berba idazten du labana batekin; Venezuelako kirurgialari estetiko ospetsuenak gizarte garaikidearen kode estetikoen araberako gorputz perfektua izateko operatuak izan beharreko alde guztiak markatu ditu; hilabetez neskamez jantzita egiten ditu eguneroko jarduera guztiak, eta abar.

Gehiago edo gutxiago, denetan biolentzia dago presente. Horien artean Himenoplastia (2004) —artistak ostera ere birjina izateko egin zuen operazioaren grabazio esplizitua — eta Mientras ellos siguen libres (2007) — haurdun, biluzik eta lotuta ageri da Galindo, Guatemalako armadak umedun zeuden emakumeei egindako talde-bortxaketa ikaragarriak gogoratuz— bideo izugarriak ditugu. Gizakia zein krudel izatera hel daitekeen adierazten digute, eta, aldi berean, errepresentazio artistikoaren eta artisten ekintzen mugak zeintzuk diren galdetzera garamatzate.

Latinoamerikar testuinguruan kokatu arren —aipagarria da lan gehienak ez direla testuinguru artistikoan egiten, baizik eta kalean, Guatemalako errealitate sozialean—, lokalak diren istorioetatik abiatuta diskurtso unibertsala osatzea lortu du Galindok. Testuinguru bakoitzean, bere esangura eta inplikazioak ditu, eta, beraz, interpretazio anitz. Fikzioak eragina du gugan, baina formatu fikzionatuan ikusi arren, ekintza horiek errealak dira. Izan ere, sufritzen duenaren lekuan jartzen da artista, literalki. Enpatia fisikoa dugu. Ez dago diskurtso moralik, ekintzak baizik, baina ikuslea juizio etikoak egitera behartzen du. Biktimei egindako omenaldi erritualak ditugu, tragediaren osteko beharrezko katarsia.

Egun, zentzumenak biolentziaren eta injustizien aurrean lokartuak ditugula, eszena gordinen bidez Galindok gizarte garaikidearen bidegabekeriak agerian uzten ditu, zuzenean parte hartuz, eta aldi berean bere gorputz propioaren bitartez ahotsa ematen die biolentzia sufritzen duten milaka eta milaka emakumeri. Ikuslea asaldatzea eta inplikatzea nahi du Galindok, eztabaida sortzea. Oro har, lortzen du, eta ez gaitu, inondik ere ez, hotz uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.