Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika

Tronpetaren igurtzia

Arkaitz Mendoza.
2011ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa
Zuzendaria: Yannick Nezet-Seguin. Mezzosopranoa: Karen Cargill.
Abesbatza: Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txiki. Egitaraua: Mahlerren 3. sinfonia.
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuak 12.


Mahlerren obrarik luzeena, askorentzat garatuena. Nezet-Seguin zuzendariarentzat auskalo, baina entzuleriarentzat gozamen hutsa ziurrenik, hain obra gordin eta mamitsua dastatzeko aukera ez baita egunero izaten. Aukera polita, emaitza ere txukuna, baina ez sekulakoa. Nahiz eta Donostiako Orfeoiaren presentziak eta obra liluragarri bat programatzeak sarrerak ziztu bizian amaitzea ekarri eta albiste pozgarria izan Musika Hamabostaldiarentzat, eta ikusmin bereziko emanaldia bide jatorretik gidatu arren, aurtengo kontzertu mordoen podiumean kokatzeko, ez zuen meritu apartekorik egin.

Orkestra holandarraren bigarren agerraldi honetan musikariak bi talde garbitan banandu ziren: batetik, haria; bestetik, haize instrumentuak. Haizearen egitekoa boteretsua, ozena, zuzena eta burrunbatsua izan zen; harizko instrumentuak, berriz, lotsati agertu ziren Mahlerren sinfonian zehar. Bibratoa eskas, kopuruz ozta-ozta eta Nezet-Seguinen interpretazio iritziak aurrera eramateko garaian makal samar, orkestra guztiz hautsita bi pusketatan.

Solo ikaragarria

Askotan orkestrakide baten solo bikain batek erabat itsututa uzten du entzulea, eta ezin jakin musikariaren izena. Kasu honetan, Luis Gonzalez valentziarra genuen agertoki kanpotik gauzatzen den tronpeta solo ikaragarriaren errudun. Musikeneko tronpeta ikasleen eskolak gidatzeaz aparte, Amsterdamgo Concertgebouw orkestra famatuan bakarlari dugu Gonzalez. Duda izpirik gabe, Mahlerren 3. Sinfonia honetako unerik bereziena, liluragarriena eta txundigarriena izan zen jorratutako soloa. Zorionak!

Bestetik, Cargill mezzosopranoaren ahots emaria korronte handikoa izan zen, bikaina Mahlerren ezaugarrientzat. Nezet-Seguin zuzendariak orfeoiko emakume eta neskatoen parte-hartzea orkestrarekiko gauzatutako soinu orekan zaindu ez arren, egoki aritu ziren kanpai hotseko uneetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.