Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Bereziak

Turismo gida

7 días en La Habana filmeko irudia. DONOSTIA ZINEMALDIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
'7 días en La Habana'

Zuzendariak: Benicio del Toro, Pablo Trapero, Julio Medem, Elia Suleiman, Gaspar Noe, Juan Carlos Tabio, Lauren Cantet. Herrialdeak: Espainia, Frantzia. Iraupena: 129 minutu.

Film kolektiboen erakargarritasuna egile bakoitzak zer film zuzendu duen asmatzen saiatzean egon liteke (hasierako kreditu tituluek horretarako aukerarik uzten badute behintzat). Izen handiko zinemagileek Habanan filmatutako lan bat da honako hau. Cannesen estreinatu ostean, Donostiako Zabaltegi Bereziak sailean ikusi ahal izango da. Atsegina eta interesgarria da; baina, zoritxarrez, ez da beste munduko ezer. Barre eginaraztea lortzen duela aitortu beharra dago, hala ere, eta ez da gutxi. Agian, horixe da filmak eskain dezakeen gauza bakarra; une gozo bat pasatzeko parada. Film berritzaile eta ausartak gogoko dituenari ez zaio askorik gustatuko. Baina, entretenitzea lortzen duen heinean, ezin daiteke film txarra denik baieztatu. Woody Allenek Londres, Bartzelona eta Erroman grabatutako azken filmak bezalakoxea dela esan daiteke; turismo gida moduan primeran funtziona dezake, eta herrialde batera jendea erakartzeko modurik eraginkorrenetakoa izan daiteke, gainera, baina zinemak bigarren maila batean geratzeko arriskua dauka. Habanako erretratu koloretsu eta baikorra nagusitzen da, eta festa, umorea eta maitasuna… ez dira faltako. Alabaina, ez da ahaztu behar Gaspar Noek proiektuan parte hartu duela, eta bere ekarpena egin nahi izan dio publikoari. Bestalde, Emir Kusturicaren jarraitzaileek serbiarra aktore gisa ikusteko aukera paregabea daukate. Ez da kamera baten aurrean ipini den aldia, baina bere neurrira egindako pertsonaia interpretatzen duela ez dago zalantzarik. Habanako zinema jaialdira gonbidatu dute, bere ibilbide oparoa saritzeko helburuarekin, eta argi dago Kusturicak bidaietan denbora aprobetxatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.