Gasteizko Jazzaldia
Principal antzokian: Gorka Benitez Duo eta Ben Monder. Mendizorrotza kiroldegian. Sweet Honey in the Rock. Noiz: Uztailaren 16an
Asteleheneko arratsalde arras atsegina atzean utzita, Principal antzokian hasi genuen aurtengo Gasteizko Jazzaldia. Han ospatzen da XXI. Mendeko Jazza delako atala, aurten atal bikaina izateko aukera nabarmena duena. Eta atal hori irekitzeko ohorea Euskal Herrian jaiotako musikari bati egokitu zitzaion, Gorka Benitez saxo jotzaileari, alegia. Lagunen artean, Gorka Benitezek gehiegi nabaritu zuen hartutako erantzukizuna, baina nahiz eta bere emanaldian Ben Monderrekin eskainitako konexioa behin baino gehiagotan galtzeko zorian egon, Benitez bere tokia defendatzeko gauza izan zen, eta berak sinesten duen horri, bere ahots zorrotz eta sakonari, eutsi zion.
Gaur egun, euskal musikarien artean etorkizunik handiena duen saxojotzaile hau, aurreko emanaldietan entzun eta ikusi ahal izan baino musikari askoz ere helduagoa bihurtu da, bere diskurtso musikala aberastuta eta sakonduta. Lan horretan, dudarik, gabe, asko lagundu zioten David Xirgu bateria jotzaile irmoak eta, batez ere, Ben Monder New Yorkekogitarra jotzaile sakonak. Aspaldiko ezagunak dira hirurak, eta, besteak beste, Fabou diskoan aritu dira elkarrekin. Sare koloretsu eta interesgarria jorratu zuten antzokian, beste lagunen gozamenerako antzokiaren taularen gainean konexioa sendotu arte.
Benitezen kexaren bozgorailua izan nahi dut lerro hauen bitartez. Halabeharrez, haren modura erbestera joandako bilbotar musikari bati arras zaila egiten zitzaion Euskal Herrian jotzea, «arraio latza» haren hitzetan, eta hori ez da, ez luke izan behar, normala, konexioak konexio.
Sei ahots eder
Ibilbide handiko taldea taularatu zen iluntzean Mendizorrotzako kiroldegian, Jazzaldi honetako agertoki nagusian, gospelari eskainitako atalean. Ikuslegoak gustukoa omen du atal hau, eta kiroldegia erdi betetzeko baliagarria izan ohi da Jazzaldia abiarazten den astelehen tonto horretan. Ikuslegoaren zati batek, gainera, gustukoa ditu gospel estiloa eta enparauak, dantza eta txaloak jotzeko aukera eskaintzen dion neurrian.
Nire zoriontasunerako, bederen, horrelako gutxi ahalbidetu zuten Sweet Honey in the Rock taldea osatzen duten kideek: bost ahots entzungarri eta ahots isil bat, keinu bidezkoa lengoaiaren bidez abesten duena (zenbat ikasi behar dugu herri honetan estatubatuarrengandik, benetan gizarteratzaile diren neurriak gauzatzeko). Oso emanaldi serio eta interesgarria eskaini ziguten, artifizio arinetik aldentzen zena. Spirituals, gospel eta tradizioan oinarritako abestiak jorratzeaz gain, beraiek idatzitako abesti propioak abestu zituzten bere ideologia politikoa ezkutatu gabe; Martin Luther King eta Barack Obamaren oinarritutako inspirazioa aitortzen dute. Jatorrira ere jo zuten, eta Afrikako hainbat abesti jo zituzten jatorrizko hizkuntzan eta hango musika instrumentuak erabilita (horien artea axatse edo kabaka bat)
Talde honen abeslarien ahotsen joku kromatikoa izugarria da, baita horiek egiteko gauza ziren kontraste harmonikoa eta aberastasuna ere. Dena den, kiroldegiaren zabaltasuna eta argia (kontzertu amaiera arte ez zen iluntasuna nagusitu) nolabait baldintzatu zuten sei ahots ederren eskaintza. Hala ere, txalo isilen artean elkar agurtu zuten ikusleek eta abeslariek.
Kritika. Musika
Txalo isila eta euskal konexioa galduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu