Kritika. Musika

Txapeldunen Ligan garaile

Arkaitz Mendoza.
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Diego Matheuz.

Biola jotzailea: Maksim Risanov.

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: apirilak 19.

Aste honetan urteko munduko futbol partidarik bikainenak ikusteko aukera izango dugu. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere partida jokatu du, eta maila ikaragarrikoa izan da, Txapeldunen Ligan egoteko modukoa. Kontzertu izugarri honetan izarrak ez dira ezkutatu. Horra hor Maksim Risanov biola jotzailearen erakustaldia. Halere, emanaldiko Lionel Messi podiumean azaldu zen: Diego Matheuz venezuelarra. XXI. mendeko Claudio Abbado dugu Matheuz, hogeita zortzi urteko sekulako zuzendari sentikorra. Azkenengo urteetan hazten ari den orkestra zuzendari gazte talde ikusgarriaren adibide itzela dugu hegoamerikarra. Ziur, boteretsu, argi, maitekor, sorgintsu eta batez ere bihotz beroko musikari handia.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak inoiz interpretatu duen partiturarik zikinena aukeratu zuen kontzerturako. Nikolai Rimski-Korsakoven Sheherazade partitura guztiz landuta, ikasita, arkatzez gustura zikindu eta margotutako musika liburua da orkestrako musikarientzat. Hainbestetan interpretatutako obra batek asperdura eta nekea ekar dezake musika jotzailearentzat. Horrenbestez, hats berri bat behar zen. Matheuz guztiz iraultzaile izan zen. Haizeari kristoren burrunbakada txertatu zion eta hari sendia hegan abiatu zen, musika errusiarrari handitasun zoragarri bat helaraziz. Kontzertinoaren solo uneak ameslariegiak izan arren, ildoa guztiz apurtuz, fagotaren eta tronboi hirukotearen agerraldiak merezimendu ederrekoak izan ziren, Matheuz guztiz sorgintsu ari zen bitartean.

Aurretik, Risanovek biola instrumentua bakarlari rolean entzuteko aukera gerturatu zigun. Camille Saint-Saensen Biolontxelorako 1. Kontzertua biolontxeloan arranditsu gozatzen den arren, ukrainarrak bere biola Txapeldunen Ligako mailan biribildu zuen. Matheuz berriz ere lidergoan, orkestra kilikagarri zuzenduz, bide onean, intentsitate eta arintasun bikainean. Mario Lavistaren Edurneri hiru kanta estreinako musika obra gau giro xarmagarri baten hasiera besterik ez zen izan, hurrengo hamarkadetan lehen mailako orkestra zuzendari handi baten Txapeldunen Ligako arrats berezian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.