Kritika. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea

Txorimaloak

Filmeko une bat. BERRIA / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
'Cockneys vs Zombies'

Zuzendaria: Matthias Hoene. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 88 minutu.

Egile jakin batzuek bikain uztartzen dituzte autore eta genero zinema, eta ikusle ezberdinak pelikula berberaren inguruan biltzea lortzen dute. Bakoitzak interesatzen zaion aspektuan jartzen du arreta, eta, horrela, denak gustura irteten dira aretotik. Zoritxarrez, ezin esan daiteke Cockneys vs Zombies komediaren kasua denik; zonbien generoa atsegin dutenek gozatzeko aukera paregabea edukiko dute, barre algara ugari eragiten baititu. Beste zinema mota bat nahiago dutenentzat, aldiz, aspergarria eta luzeegia suerta daiteke. Takashi Miike eta gisako egileek eszena krudel eta gogoangarriak eskaintzen dituzte, baina polemika eta probokazioa japoniarraren zinemaren funtsezko ezaugarriak direla jakina den arren, publikoa hausnartzera derrigortzen du etengabe. Aukera duen guztietan gizartearen konbentzio eta arauak iraultzen ditu, eta, beraz, zinema deseroso eta kritikoa burutzen du. Tamalez, Matthias Hoene ez da Miike, ezta Tarantino ere. Estereotipoak errepikatu besterik ez du egiten, eta pertsonaien psikologian sakontzea ez zaio piperrik interesatzen. Pertsonak baino gehiago txorimaloak direla esan genezake.

Publikoaren oniritzia erdietsi gura du nola edo hala, eta ez du protagonistekiko batere errespeturik erakusten. Eszena batzuk guztiz sinesgaitzak gertatzen dira, eta lotsa sentiarazten dute. Gainera, umore arruntegia baliatzen du barre eginarazteko, eta kasu askotan eraginkorra izan daitekeen arren, ez du ezer berezirik eskaintzen. Zonbien filmen jarraitzaileentzako filma dela argi geratzen da hasieratik. Alde horretatik, dibertigarria eta entretenigarria dela aitortu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.