Kritika. Musika

Umore beltza

Arkaitz Mendoza.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Basileako ganbera orkestra

Zuzendaria: Kristjan Jarvi. Sopranoa: Laura Aikin. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.

Eguna: Azaroak 28

Suitzarren dotorezia eta doitasuna, horra hor Federer tenislaria: eredu izan da gainontzeko europarrentzat. Beren zehaztasuna, aparteko jarrera eta une bakoitzean aproposak diren erantzunak emateko gaitasuna sekulakoa izan da. Musika klasikoaren eremuan,Jarvi estoniarraren magalean, ospea lortu duen ganbera orkestra sekulako erakusleihoa da suitzarrentzat. Halere, umorea zuri edo kolore distiratsuz apaindu beharrean, beltzez hornitu dute Donostiako emanaldian.

Stravinskiren lehenengo bi suiteetan haize sendi trebea, arina, indarkeriatik urrun une oro, Jarvi solastiarraren gerri mugimenduei soinu hotsa ezarriz. Harizko instrumentuak, aldiz, arrapalada bizian, jariakor, batzuetan arnasestuka, baina betiere maila onean. Orkestra, oso txukuna, ausarta, gaztea eta ederra oso! Halere, egitaraua eta bakarlariaren aukeraketa esparruak guztiz zokoratuak mantendu dituzte gure artean izandako agerraldian.

Aikin soprano amerikarraren interpretazioak hutsune gehiegi izanzituen. 22.ilaran eserita nengoen, eta larri-larri entzuten nuen sopranoaren ahotsa. Ahots txikia, Bolcomen Cabaret Songs obran garatzen diren ahots eremu grabeak guztiz irentsia, biribiltzeko arazo larriak, eta antzezle rolean, sentsualitatea motz. Jarvi zuzendariaren arreta perkusioaren jazz erritmoan jarri zen, bakarlariari askatasuna iradokiz.

Atsedenaldian, amorruari eutsi beharrean sentitu nintzen, nahiz eta txilioka hasteko grina berebizikoa izan. Barberren Adagio famatuak guztiz baretu ninduen, hari talde txikiak aukeratutako tempi-a andantetik gertuago sentitu arren. Zoriontzeko erabakia izan zen aldaketa, hari talde handi batekin arkuaren eratzea geldoago izan daiteke, eta harizko instrumentu gutxi batzuekin ezin liteke hain abiadura mantsoa bide jatorretik mantendu. Ondo, Jarvi! Aikin sopranoa berriz ere ilun, argi izpirik gabe. Chavezen India Sinfonia-k entzuleria esnatu zuen, eta amaieran txaloak goranzko bidean saritu ziren, nahiz eta egitarau petrala agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.